Gaur Xareta, Bertizarana, Maldaerreka, Bortziriak eta Baztango emakume feministak Elizondon prentsaurrekoa eman dute M8aren baitan. Hauxe erran dute hitzez hitz:
Duela urte bat inguru Nafarroa
iparraldeko hainbat eskualdeko emakumeok* gure ahotsa altxatu eta
heteropatriarkatuari planto egin genion, goizean herri bakoitzean ekitaldiak
eginez eta arratsaldean Lesakako karrikak eta plaza betez.
Aurrekaririk gabeko mobilizazioa
izan zen, baina historikoki bere eskubideen defentsan borrokan aritu izan diren
hainbat eta hainbat emakumeen* kemenagatik izan ez balitz ez zena posible
izango. Hala ere, erran genuen bezala, eguneroko borroka da eta emakume*
guztiak libre izan arte ez dugu etsiko.
Aurtengo martxoaren 8an Euskal
Herriko Mugimendu Feministak grebarako deialdia egin du eta lehengo urtean
bezala, Xareta, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztango eskualdeetako
emakume* feministok bat egin dugu grebarekin.
Aldi berean Euskal Herriko
Mugimendu Feministaren autonomian berresten gara. Gauzak horrela, ez dugu
Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko. Horregatik Mugimendu
Feministak zabaldutako iruditegi, mezu eta aldarrikapenak erabiltzeko gonbita luzatzen
dugu, bertze sindikatu, alderdi edota antolakundeen kolore eta siglek
protagonismoa bereganatu ez dezaten.
Martxoaren 8an emakumeok, transok
eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta karrikak hartuko ditugu berriro ere.
Greba feministarekin, hetero-patriarkatu-kapitalistari PLANTO eginen diogu!
Bizitzaren eremu guztietan eginen dugu greba, ordaindutako lanetatik doan
egiten ditugun lanetaraino; greba sexualitatean, gure kontsumo ereduan, familia
eraikitzeko ereduan, jakintzak eraikitzeko ereduan; arrazakeriaren aitzinean,
edertasun ereduaren aitzinean eta zapalkuntza guztien aitzinean.
Patriarkatuak alboratzen gaituenok
erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean
jarri nahi ditugulako. Horregatik, bortz ardatzetan antolatu dugu greba:
pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izanen da.
Bizitza sostengatzeko ardura
kolektiboa eskatzen dugu. Horretarako, zaintzaren berrantolaketa soziala
aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen
zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Finean, paktu sozial
berri bat eskatzen dugu. Bide horretan, parekidetasuna bermatzeko politikak eta
berdintasun formalaren garapena ezinbertzean lotu behar ditugu sakoneko eraldaketa
prozesu batekin.
Lehengo urtean bezala, greba
egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira emakumeontzat*:
1) Lantoki eta ikasgeletan greba
egitea.
2) Gure herri, auzo edota hirietako
mobilizazioetan parte hartzea.
3) Zaintzeari uztea.
4) Amantala balkoian
zintzilikatzea.
5) Gure eskualde edo arloan greba
zabaltzea.
6) Besoko morea eta txapa jartzea,
grebarekin bat egiten dugula adierazteko.
Martxoaren 8an EZ kontsumitzera
deitzen dugu baita ere. Hiriak, herriak eta auzoak geldiarazi nahi ditugu, eta
argi utzi emakumeak* gelditzen bagara, mundua gelditzen dela. Beraz, kontsumo
ereduaren inguruko hausnarketa eta praktika arduratsua izatera deitzen dugu,
lan eremuan esplotatzen gaituzten eta publizitatearen bidez kosifikatzen
gaituzten enpresetatik kanpo bertze ekoizpen eredu batzuk posible direla
ikusaraziz.
Hau guztia kontutan izanik, eta
herrietan egin ditugun batzarretan oinarrituz, Xareta, Bortziriak, Malerreka,
Bertizarana eta Baztango eskualdeetako emakumeok* Martxoaren 8rako elkarlanean
landu dugun egitaraua aurkezten dugu, eta bertakko ekitaldi eta mobilizazioetan
parte hartzera animatzen zaituztegu:
-
Goizean
zehar herri bakoitzak bere ekitaldiak eginen ditu eta eguerdiko 12etan herri
bakoitzean EMAKATEA izanen da. Ondotik, bazkari autogestionatuak izanen dira.
-
Arratsaldeko
5tan eskualdeko emakumeok* Elizondoko plaza hartuko dugu. Autobusak izanen dira
Elizondora joateko.
-
Arratsaldeko
7tan manifestazioa eginen dugu Elizondoko karriketan barrena
Hurrengo martxoaren 8an berriz
planto egingo dugu eta kaleak, plazak,
egunak eta gauak gureak egingo ditugu.