OKINTZA EKOLOGIKO IKASTAROA EGIN DUTE BAZTANEN



Arrazoi desberdinengatik bizpahiru aldiz gibelaratu ondotik, ortziralean okintza ekologiko ikastaroa burutu zuten Baztanen, zehazki, Elizondoko eskolako sukaldean. Udalak antolaturik eta Eduardo Salvador Basque Culinary Centerreko irakaslearekin hiru ordu eta erdiz okintzaren oinarrietaz modu praktikoan aritu ziren: orantzaz, irin desberdinetaz, ogi klaseetaz, labeaz eta ogia egosi eta erretzeaz… Modu horretan, orantza eta ogia egiten ikasteaz gain, harat hurbildutakoek ogi ekologiko eta sano egin berria etxerat eraman ahal izan zuten.

Aipatu ikastaroa Baztango agroekologia eskola herritarraren egitarauaren barnean gauzatu zen. Ondoko saioa apirilaren 12ko transgenikoei buruzko solasaldia izanen da.