Hamabi urte dira Amaiurko oroitarria zegoen muinoan gaztelu zaharraren
hondarrak berreskuratzeko lanean ari direla. Orain indusketa horietatik ateratakoak
erakusteko harrera etxea egin nahi dute Amaiurren Amaiurko Herriak, Gaztelu
elkarteak, Aranzadi zientzia elkarteak eta Baztango Udalak. Helburu
horreratarako hain zuzen Nafarroako parlamentuak aurtengo aurrekontuetan
250.000 euroko dirulaguntza izenduna emateko erabakia hartu zuen eta atzo
egindako osoko bilkuran dirulaguntza hori eskuratu ahal izateko hitzarmenak eta
aurrekontu moldaketa onartu zituen Baztango Udalak.
250.000 euro horiekin kooperatiba zaharra urratuko da, argiteriaren postea
kenduko eta lanen lehendabiziko faserako ingurua prestatuko. Horretarako, alde
batetik Baztango Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmena onartu
zen atzo eta, bertze aldetik, Baztango Udalaren eta Amaiurko Gaztelu
elkartearen artekoa. Bi hitzarmenen emaitza gisa, dagokion aurrekontu moldaketa
ere onartu du udalak.
Amaiurko Gaztelu elkartearekin egindako hitzarmenean heldu den bezala,
Amaiurko gotorlekuan gertatu zen Nafarroako Erresumaren burujabetasuna
defendatzeko azken gudua Gaztelako koroaren inbasioaren aurka. Hortaz,
bisitarien-etxeak hori guztia erakusteko balioko du.