Pasa den
astelehenean mitin jendetsua egin zuen EHBilduk Elizondoko plazan. Bertan izan
ziren Bakartxo Ruiz eta Joseba Otondo, koalizioaren hauteskunde hauei begirako
xede nagusiak erakusten.
Arranbelak, gaurkoan,
arreta berezia eskaini dio Joseba Otondok egindako hitzartzeari. Sakon mintzatu
zen egungo alkatea eta datozen lau urteetarako EHBilduko hautagai dena, azken
zortzi urtetan egindakoari erreparatuz eta etorkizuneko proiektua lau ardatz
nagusitan aletuz.
Hainbatetan mitinak
egun batetik bestera ahazten diren solasaldiekin osatzen badira ere, ez da hau kasua,
Joseba Otondok maisuki marrazten asmatu baitzuen etorkizuneko Baztan
eraikitzeko kolore nagusiak zeintzuk diren.
Horregatik ekarri
ditugu gurera bere erran nagusiak, hitzartzearen laburpen gisa:
“Gutxiagorekin
bizitzen ikasi beharko dugun momentu historiko batean sartzen ari gara. Horrek
ez du esan nahi nahita nahi ez makurragoa izango denik, afera da daukaguna
zuzen banatu beharko dugula denok ongi bizitzeko, neurriz bizitzeko eta modu
horretan herri proiektu duin, justu eta zentzuzko bat aitzinerat eramateko. Hori
da EHBilduk Baztanen egin nahi duena eta horrekin konprometituta gaude.
Zortzi urte egin ditugu
alkatetzan lanean; alimaleko zorrarekin hartu genuen, bederatzi milioikoa; gaur
den egunean lau milioiz azpikoa dugu, kudeaketa ona egin dugu baina hori ez da
gure proiektuaren erakusgarri eta nortasun bakarra. Zortzi urte hauetan
eztabaida gai berriak ekarri ditugu Baztanerat eta agenda orokorrean zabaldu
ditugu eta gaurko egunean gero eta gehiago elikadura burujabetzaz mintzo gara,
tokiko elikadura sistemaz, energia berriztagarriez, hondakinen kudeaketaz,
adinekoen zaintzaz, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz; beraz, agenda
sozial handi bat dugu eta gai horien inguruan planteatzen ditugu eztabaidak
aurrera egiteko eta ondoko lau urtetan hauetan sakondu nahi dugu eta jauzi
berri bat eman Baztan erreferentziazko landa eremu bat bihurtzeko.
Asmo hau gure
programara ekarrita, lau oinetan sakontzen dugu berau: alde batetik etxebizitza, eskubide
bat da, mundu guztiari bermatu behar zaiona. Administrazio publikoak hasi
beharko du hor eragile izanez, eta beharrezkoa dugu, Baztanen ere, alokairuan
emateko etxebizitza parke munizipal bat egiten hastea. Legealdi honetan pausoak
ematen hasi gara, baina Nafarroako gobernuan trabatuta geratu dira. Egin dugunari begiratuz:
-Iruritan hasi
ginen etxebizitza alokairuan emateko proiektu batekin, proiektu hori berreskuratu eta aitzinerat
eramanen dugu.
-Oronoz Mugairen
ere aritu ginen beste proiektu batekin, trabatua geratu dena ere. Hor ere
jarraituko dugu, kasu honetan bazterketa arriskuan diren herritarrei etxe bat
eskaintzeko proiektua landuko dugu.
-Bestalde, 888 etxe
ditugu Baztanen hutsik, Baztango etxeen %22ª. Pentsaezina da hainbeste etxe
huts izanda, eraikitzen jarraitzea. Beharrezkoa baldin bada eraikiko dugu,
baina zentzudunena da lehendabizi hutsik dugun horretan eragitea eta
horretarako tresnak behar ditugu.
-Hiri jarduketa
plan berezi bat bultzatu dugu, dagoeneko nafar gobernuarekin hitzartua, herri
kaskoetako etxe huts horiek bizi arazten hasteko.
Bigarren oina,
adinekoen zaintza: Baztanen populazioaren %23ak 65 urte baino gehiago ditu, eta
%8ak, 90 urte baino gehiago. Gizartea zahartzen ari da, bereziki landa
eremuetan; beraz, adinekoen zaintzak garrantzia berezia hartuko du eta ezkerreko
jendeok horri buruz pentsatu beharko dugu, nola zainduko ditugun adineko jendea
eta nola zainduko ditugun jendeak zaintzen dituztenak ere bai. Arlo honetan hartzen ditugun konpromisoak:
-Zahar etxearen erreforma:
arkitektonikoki gibeleraturik geratu da eta erreforma behar du eta horrek
inbertsio ekonomiko handia suposatuko du, baina gure adinekoak zaindu behar
baditugu hori erronka bat izanen dugu. Aurrekoarekin ez da izanen aski eta
beraz, adinekoak zaintzeko plan berezi bat idazten ari gara.
Tokiko ekonomia:
gai honetan bada gezur handi bat aipatzen da etengabe eta guk erraten duguna da liberalismo
ekonomikoarekin, merkatu handia egin nahi izate horrekin, gure sektore
produktibo guztiak kaskaildu dituztela eta erreka zokorat igorri dituztela eta,
guzti horren ondorioz, hemengo nekazaritza, industria ttipia edo betiko sektore
produktiboek errekara jo dutela. Egoera honen aurrean, esaten duguna da
erreforma estrukturalak eman beharko direla, merkatuak agindu behar badu, bizi
guzian eta herri guztietan, ez goaz inora.
Hementxe nafar
gobernuko norbaitek baimendu zuelarik Caparroson lau mila buruko behitegia
egiten ahal zela, orduan erabaki zuen Baztanen ez zela behi
sektorerik izanen; eta norbaitek erabaki zuelarik Donezteben dagoen Juansenean
ez zela gehiago ikerkuntzarik eginen mendialderako, horrekin erabaki zuen
mendialde bazterturik utzi nahi zela. Beraz, lehendabizi kontuak eskatu nahi
ditugu eta jarraian lanean jarri.
Ekonomia
birtokiratu behar da, Iparraldean erraten den moduan, gure beharretarako
beharrezkoak ditugun produktuak eta zerbitzuak tokiko mahaian produzitzen eta
eskaintzen hasi. Horrek esan nahi du tokiko elikadura sistemak, nekazaritzak,
balio berri bat hartuko duela. Horrekin loturik, energia trantsizio guzia
antolatu beharra dago energia burujabetzari buruz, mugikortasun eredu berria
bulkatu, horren guztiaren araberako lurraldearen antolamendu berri bat egin;
horrekin bat, guzi horren emaitza den paisaia baliatuz, turismo iraunkor bat, gu garenarekin
bateragarria dena; tokiko merkataritza, herriak biziarazteko garrantzitsua dena
eta egunerokoan jendea bertan atxikitzen duena. Garapen arloak hamaika dira,
tokitik hasten da eta norberak zer erran handia du eta gu denoi galdera egiten
digu, zer nahi dugun eta zer konpromiso hartzera prest gauden. Egiten ari garen urratsak:
-Arras Baztan fundazioa sortu dugu, bailarako autonomo guztiak antolatuz,
100 eragile ekonomiko inguru.
Aipatu dugun hori
guztia, zeharkakotasun batekin landu nahi dugu, emazteki eta gizonkien arteko berdintasuna aldiro
bulkatuz alderdi eta arlo desberdinetan, euskaratik eta euskaraz, eta herritar
guztien parte hartzearekin; parte hartzea prozesu hauetan, parte hartzea
erabaki guneetan, eta nola ez, proiektu handiak heldu direlarik, herritarrek
horien gainean erabakiz aldiro.
Programa sinplea
da gurea, hemengo errealitateari erantzuten diona perspektiba urruneko batekin
etorkizunari begira. Eta horretarako zer behar dugu? Jendea antolatzea, egunero
konprometiturik egotea, bakoitza bere tokian, kontzientzia kritikoarekin eta
zerbait emateko borondatearekin. Eta hori EHBildu da Baztanen eta gure lana da
orain, hemendik eta 26 bitartean, lanean segitzea bazter guztietan, jendearekin
solas egitea bozka kutxak EHBilduren bozka paperez betetzeko, Baztan bat
herritarrena eraikitzen segitzeko, justizia sozialean eraikitako Baztan bat eta
Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko.