(Argazkia: Carlos de Cos Azkona)
Baztango udalak eta Aspina elkarteak
antolatuta, irailaren 21 eta 22an, Elizondon, Behi-Azienda
Pirionatarraren XXXII. Lehiaketa-Enkante Nazionala eginen da.
Arrakasta handiz
ospatu ohi den ganadu lehiaketa herriko merkatu plazan burutuko da, goizeko 09.00etan hasita. Aziendak erakutsiko
dira eta, goiz nahiz arratsaldez, Baztango artisauek beren produktuak eta
elikagaiak plazaratuko dituzte.
Igandean, 13.00etan,
lehiaketako sariak emango dira. Goizean zehar aukera izanen da Nafarroako
aratxe haragia eta gazta dastatzeko; artisauak bertan izanen dira, 14.00ak
arte.
Baztango ekonomiari ertsiki loturiko abeltzaintzaren inguruko berri honekin batera, jardunaldi batzuen berri dakarkiziugu. Gaia, gure ingurua hainbertze kezkatzen duena: Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma eta nekazaritzako etorkizuneko belaunaldiak. Hiru hitzaldi eskainiko dituzte:
-Nekazaritzako etorkizuneko belaunaldiak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren aurrean. Euskal baserritar mugimendutik begira. Hizlaria: Zoe Brent, ikerlaria.
-Harago begiratuz: nekazaritzako politikatik elikadura politiketara. Hizlaria: Francisco Ajena (IPES-Food).
-Baserritarraren aldarrikapenak NPBaren erreformaren aurrean. Hizlaria: Andoni Garcia (Etxalde, Nekazaritza Iraunkorra).
Hitzaldi hauek irailaren 25ean izanen dira, 16.00etatik 19.00etara, EHUko Ekonomia Fakultateko Gradu aretoan, Sarrikon.
Bukatzeko, datorren astelehenean Baztango Udalak agerraldia eginen du EHUk heldu den astean Baztanen eskainiko duen ikastaro baten berri emateko. Gaia: Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren eredu berriak landa eredu bizia lortzen laguntzen al du? 2021-27 NPB berriaren aukerak, elikadura sistema osasuntsuak eta landa eremu biziak lortzeko.
Hausnarketa biziki interesgarriak bailararen etorkizunari begira.