Aurten, azken urteetan bezala
Baztango jauziak egiten diren plaza guziak dantzariz bete dira.
Elizondoko herriak bestetako
programan argi utzi zuen: Elizondoko elizaren inguruan edo bertze edozein
lekutan ematen den emakumeekiko bazterketa salatu nahi dugu eta (…) egiteari
uztea eskatzen diegu. Baztandarren Biltzarrak ere bai: B.B. elkarteak ez du
mutildantza baztertzailerik babestuko. Hala ere gizon talde batek bizkar eman
nahi izan dio Baztanen gero eta zabalagoa den eskaerari eta berriz ere
mutildantza baztertzaileak antolatu zituzten Elizondoko bestetan.
Bazterketarekin tematuak zirela
ikusirik, horrekin akitzeko modu bakarra ekintza zuzena zela erabaki genuen:
26an arratseko 20:00tan 30 bat feminista bazterketa gauzatzeko erabiltzen duten
elizako eremuetara hurbildu ginen
dantzatzeko prest. Baztertzaile batzuk aunitz urtez bakarrik dantzatu zuten;
bertze batzuk billantziko bakarrik; eta bakar batzuek saio osoan zehar dantzan
jarraitu zuten, beraz hauek erreza dute, dantzatu daitezela aniztasunez
beteriko herrietako plazetan.
Elizako jardinetan emakumeekin
dantzan ibili ziren batzuk biharamunean plazan mutildantza parekideetan parte
hartu beharrean, ikastolako parkera joan ziren dantzatzera. Zergatik? Tarte
batean baztertzeari uzteko gai direla erakusten badute ere, beren jarrera
matxistarekin segitzea erabaki dutelakoz.
Aukera dute honekin akitzeko.
Aukera dute oraingo eta etorkizuneko Baztanen lehenbailehen laketzeko. Aukera
dute behingoz herritar guziendako bestetako partaide izateko. Horretarako
botere guneak partekatzeko prest ere egon beharko lukete, baina horixe da
patriarkatuarekin bat egitearen ondorioetako bat: boterea emakumerik gabe gizonen
esku mantendu nahi izatea.
Horregatik hamaikagarrenez
errepikatuko dugu: bazterketarekin akitu eta elizako atean egin genuen bezala,
herrietako plazetan dantzatuko dugu elkarrekin.