Baztango Udalak “Baztango
hirugarren adinaren egoerari buruzko ikerketa” onartu berria du. Ikerketak oraingo
eta geroko azterketa sakona egiten du eta bailarako jendeen zaintza hobetzeko
23 neurri zehatz proposatzen ditu. Gainera, Frantzisko Joakin Iriarte zahar
etxea berritzeko ingurunea zehazten du.
Ikerketaren
helburua bailarako adinekoak artatzeko irismen estrategikoa duen politika
publikoa abiaraztea da. Hala, gaur egungo egoera zorrotz aztertuz eta geroari
begirako azterlana eginez, adinekoen ongizatea hobetuko duten ekintza nagusiak
diseinatu ditu planak, hiru helburu nagusirekin: kopuruz Baztango biztanleriara
egokitutako zerbitzu batzuk ezartzea; hirugarren adinekoendako zerbitzu publikoen
kalitatea hobetzea eta, azkenik, ahal bezain luze etxean, ohiko ingurunean,
egoteko bidea ematea adinekoei.
Gainera, arestian
aipatu den bezala, Elizondoko Frantzisko Joakin Iriarte zahar etxea berritzeko testuingurua
finkatu du. Horrela, berriki, zahar etxearen erreforma idatzi aitzineko
dokumentua egitea Arcinnova aholkularitzari eman dio Baztango Udalak. Lan
horren aurrekontua 9.500 euro + BEZ da.
Txosten horrek
zahar etxeko erabiltzaileen tipologia zehaztu beharko du, arreta eredua
finkatu, langileen txantiloia orain eta gerora aztertu eta, erresidentziaren
ezaugarri arkitektonikoak ikertu berritzea nola baldintzatuko duten jakiteko.
Hirugarren
adinekoen ikerketa udalaren webgunean www.baztan.eus eskuragarri dago.
Diagnostikoaren alderdian heldu denez, Baztango populazioaren %23,1ak, 65 urte
baino gehiago du, denera 1.783 biztanle (horietarik 999 emazteki eta 783
gizonki); Nafarroako banaz bertzekoa %18,93koa da. Modu berean, baztandarren
%8,3ak, hau da 643 biztanlek, 80 urte baino gehiago ditu (414 emazteki eta 229 gizonki).
Aipatzekoa da 80 urtez goitiko herritarrak direla menpekotasun maila handiena
dutenak.
Bertzalde, zahar
etxeak 155 toki eskaintzen ditu, eta banaz bertzeko betetzea 145ekoa da. %95ak
65 urte edo gehiago du. Zahar etxeko erabiltzaileen %20ak 90 urte edo gehiago
du eta %62,63 emaztekiak dira eta %38,36 gizonkiak. Erabiltzaileen jatorriari
buruz %60 Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdikoa da, Baztan aldeko oinarrizko
gizarte zerbitzuaren eremukoa. Gainerakoei buruz aipagarria da gehienak ez direla
Bidasoaldekoak, bertze eskualdetakoak baizik.
Ikerketak ere
menpekotasuna duten pertsonak aztertzen ditu. Denera 193 dira eta adinka
sailkatuta 95 urtetik gorakoen %64,5ak menpekotasunen bat duela ikusi daiteke
(moderatua, larria edo mendekotasun handikoa); 80 eta 94 urte dutenen %13,6ak
eta 65-79 urte artean dutenen %3,1ak. Emazteki eta gizonkien artean ia ez dago
alderik. Mendekotasun maila desberdina duten adineko herritarrek eta mendekotasunik
ez dutenek Etxez etxeko zerbitzua, eguneko egoitza eta zahar etxearen zerbitzua
eskatzen dute.
2017. urtean 38
herritarrek Etxez etxeko zerbitzua erabili zuten eta erresidentzia zerbitzua
eskatu duten 87 herritarrek Elizondoko Joakin Iriarten tokia izan dute.
Horietarik %32,2 65-79 urte artean du eta %67,8k 80 urte edo gehiago.
Aipagarria da erabiltzaileen %31ak ez duela inongo menpekotasunik aitortuta.
Geroaldiko
proiekzioei buruz Baztango oraingo biztanleak eta INEk Nafarroari buruz egin
dituen estimazioak kontuan hartu dira. Horrela, 2031. Urterako 65 urtez
gorakoak 2.380 pertsona izanen direla aurreikusten da; gaur egun 1.867 dira.
Modu berean 90 urte edo gehiago izanen dutenak 187 izanen dira, gaur egun 146
dira. Halaber, epealdi horretarako proiekzioek erraten dute menpekotasuna duten
jendeak 173tik 231ra iganen direla.
Ikerketak egin
dituen proiekzio desberdinen arabera, 2.028an erresidentzia zerbitzua beharko
duten baztandarrak 61-101 artean izanen dira; eguneko egoitzaren eskatzaileak
21-30 artean eta Etxez etxeko erabiltzaileak 29-40 artean.
Diagnostikoaren
atalaz gain, ikerketak hiru helburu nagusi dituen ekintza plana du. Dagoeneko
aipatu direnez: 1) kopuruz Baztango biztanleriara egokitutako zerbitzu batzuk
ezartzea; 2) hirugarren adinekoendako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea
eta, azkenik, 3) ahal bezain luze etxean, ohiko ingurunean, egoteko bidea
ematea adinekoei. Ekintza planean bildutako 23 ekintzak ondoko lau urteetarako
tenporalizaturik heldu dira eta horien betetze maila neurtzeko adierazleak ere
zehaztu dira.
Modu berean,
ikerketak ezartzen duenaren haritik, heldu den astean Frantzisko Joakin Iriarte
zahar etxearen berrikuntza zehazteko gogoeta hasiko du udalak. Modu berean,
ikerketa planari segituz, udaletxeko gizarte zerbitzuak Etxez etxeko kalitate adierazleetan
eta asebetetze inkestetan lanean ari dira. Baita zerbitzuko prozesuen
dokumentazio eta homogeneizazioan ere. Gainerako ekintzak eta horiek egiteko
egutegia udalaren webgunean ikusten ahal dira.