Errigora, euskarari puzka

errigora bilaketarekin bat datozen irudiak"
Errigorak bultzaturik, urriaren 30etik azaroaren 20ra bitarte iraungo du "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren 2019ko edizioak. Urtero bezala, data hauen artean Nafarroa hegoaldeko produktu bikainez osatutako saskiak eskatu ahal izango dira. Alabaina, aurten eskaintza berrituarekin datoz: ez bat, ez bi; 3 saski izango dira aukeran.

Zertarako eskatu saskiak? Batetik, nola ez, dakartzaten produktuez gozatzeko. Bigarrenik, bertako ekoizpena sustatzeko. Eta, hirugarrenik, euskarari laguntzeko. Saskiak eskatuta, hauen balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari emango zaio.

Nola liteke hau? Auzolana da kanpaina hau posible egiten duena. Ehunka lagun ari dira, borondatez, Euskal Herri luze-zabalean kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzen. Ehunka ariko dira saskiak osatzen eta handik hona eta hemendik hara kutxak eramaten.

Mezu honen bitartez, saskia(k) eskatzeko deia luzatzen dizu Arranbelak, zeu ere auzolan erraldoi honen parte izan zaitezen, nork bere aletxoa jarrita, guztion artean ekarpen ederra pilatzen ari gara eta.

Saskia on-line bidez eska eta ordain daiteke, www.errigora.eus helbidean. Bestela, Kattalingorri-Zanguen, Fantxiken, Zubi Puntan eta Dolaetxean egin dezakezu eskaera. Saskien bilketa berriz, Kattalingorri-Zanguen eginen da, abenduaren 11tik 14ra bitarte.   


Errigorak 2013an egin zuen lehenengoz kanpaina hau eta dagoeneko ia 1.000.000€ bideratu ditu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara.