Klima larrialdiaren kontrako munduko deialdiarekin bat




Klima larrialdiari buruz irailaren 27rako mundu mailan deitutako grebak Baztanen ere oihartzuna izan zuen. Ekitaldiak irailaren 26an, ortzegun ilunabarrean, hasi ziren, 60 gazte inguruk Elizondoko karriketan barna egin zuten bizikleta ibilaldiarekin. Ortziralean berriz, Elizondoko Foru plaza pankarta tzar batekin ernatu zen “Sistema aldatu, Ez klima” aldarrikapenarekin. Eguerdi aldean, bertzalde, Lekarozko ikastetxeko eta Elizondoko lanbide eskolako ikasleek geldialdia egin zuten, bertzeren artean, Elizondoko plazan elkarretaratzea eginez eta ikastetxeetan dokumentalak eskainiz edo inguruak garbituz.

Ortzeguneko bizikleta ibilaldia bailarako hainbertze elkarteren artean deitu zuten: Energia ona, Baztango gaztetxea, Ernai, Erdiz Bizirik, Baztango talde feminista, Aroztegia eta gero zer? eta Baztandarren Biltzarra.

Deialdirako agirian bertzeren artean honakoak aipatzen zituzten: “Klimaren aldaketa sistema ekonomiko kapitalistaren ondorioa da. Orain artio kapitalismoak jendeak hankapean hartzen zituela ohartuak ginen. Orain ohartzen ari gara lurra xehatzen ari dela eta jendeak gerorik gabe utziko dituela. Kapitalismoak jendeekin akituko du”. 

Modu berean, gogoeta hurbilagora ekarriz, hau zioten: “Aipatzen duguna egunerokoan ikusten ahal dugu. Jaten ditugun elikagaiek milaka kilometro kurritzen dituzte, N121A errepidea nazioarteko zama garraioz gainezka dago eta orain gainera handitu nahi dute; Aroztegiko proiektu espekulatiboak autoa gehiago ibiltzera behartzen duen urbanizazio sakabanatua dakar, nekazal lurrak suntsitu bidenabar; nekazal lur emankorren suntsiketa dakar ere Erdizeko harrobi proiektuak eta horko lanek berotegi-efektuko gas isuri handia ekarriko dute...

Aurretik, martxoaren 17an ere, klima larrialdiari buruz mundu mailan geldialdia egin zelarik, hamarnaka herritarrek Elizondoko karriketan bizikleta ibilaldia egin zuten.