Baztango Talde
Feministak antolatua, “Euskara eta feminismoa: genealogiatik egungo
erronketara” solasaldia izan zen joan den ortziralean Baztango Gaztetxean.
Saioa Iraolak historian barna gaur egungo egoerarat ekarri zituen entzuleak,
solasaldi interesgarri eta mamitsuan.
Hiru zatitan banatu
zuen solasaldia, zenbait bideo, kantu eta euskarriekin lagundua. Tartean
ariketa praktiko bat, eztabaidarako eta
hausnarketarako aukera handia eman zuena.
Lehendabiziko
zatian euskal mugimendu feministaren genealogia azaldu zuen, gaurkoa ulertzeko atzoko
komunitate feminista ezagutzea beharrezkoa dela azpimarratuz. XV. mendetik XX.
mende artio eresiak, debekuak, erailketak, inkisizioa… emakume euskaldunengan
izan zuen presentzia eta eragina agertu zituen. XX. mendean antolatzen hasi
ziren Emakume Abertzaleen Batzaren bidez. Hor hasi ziren lehendabiziko
arrakalak, EAJk zaintza eta euskararen kontserbaziotik, presentzia politikoaren
alde agertu zirelarik lehendabiziko emakumeak.
Bigarren zatian XX.
mendeko 70. hamarkadatik aitzin kokatu zuen kontakizuna. Ipar Euskal Herrian indartsuago
abiatu zen, 68ko maiatzaren ondotik, abortatzeko eskubidea 1975an lortu artio. Talde
desberdinak (EI, EEBAA, EHEAK…) teorizatzen hasten dira zapalkuntza
hirukoitzaren inguruan (emakume, langile eta euskaldun). Gero ibilbide eta
garapen desberdina eman da Hego eta ipar Euskal herrian.
80-90. hamarkadako
euskal feministak elkarrizketatzen 8 gako ondorioztatu zituen Iraolak:
· Hizkuntza ez zen lehentasuna,
herriaren arabera egiten ziren batzarrak euskaraz.
· Errealitate linguistikoa
gaurkoaren desberdina zen eta horren isla zen mugimendu feminista (gaur bezala).
· Produkzio ideologikoa gazteleraz
egiten zen. Paisaia elebiz, batzuetan euskara hutsean.
· Klandestinitatean antolatzen ziren
(1977an jardunaldi feministak adibidez).
· Euskaraz aritzea hautu politikoa
eta kontzientea zen.
· Mugimendu feminista ez zen bertze
edozein mugimendu baino erdaldunagoa.
· Erreferenteak hauek ziren: maistrak,
feminista zaharragoak, amak…
· Gatazka politikoa eta armatuak
zeharkatu zuen hizkuntzaren eztabaida.
Hirugarren eta
azken zatian Saioa Iraolak galdera egin zuen: Nola ari gara gaur egun? Bere
erranetan euskaraz aritzea hautu politikoa eta kontzientea da gaur egun.
Bilgune Feministak eragin handia izan du hausnarketa eta eztabaidetan
euskarazko hautu hori bulkatzeko. Tresnak sortzen lagundu du (xuxurlariak, itzulpenak,
azalpenak…).
Mugimendu feminista
gero eta anitzagoa da eta hizkuntza erdigunean paratzearen aldeko aldarria egin
du. Gatazkak sortu dira eta sortuko dira, baina maiz zerotik hasi behar dela
azaldu zuen: Euskal Herria zer den azaltzea, bere historia, bere kultura… gero tresnak sortu komunikazioa errazteko
zapalketa linguistikoa eman gabe.
Akitzeko ariketa
praktiko bat egin zuten bertaratutakoek, egoera batzuen aitzinean nolako
erantzuna eman eztabaidatzeko. Aitzinerat begira solasaldia Baztanen lan
egiteko ideiak bildu zituzten harat hurbildutako feminista guziek.