Baztango Udala greba deialdiarekin bat



Ortzeguneko greba egunari begira, goizean kotxe karabanak eta arratsaldean manifestazioak deitu dituzte
Urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian eginen den grebari atxikimendua ematea erabaki du Baztango Udalak ohiko osoko bilkuran. Grebaren deialdiarekin bat egitearen alde EH Bildu eta Ezkerra agertu dira (7 bozka), Navarra Suma aurka (3) eta Geroa Bai abstenitu da (2).

Hauxe da atxikimendua emateko onartua izan den testua:

“Duela sei urte, sindikatu eta eragile sozial ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten, prozesu parte-hartzaile baten bidez. Orduz geroztik eskubide horien aldeko ekimenak antolatu ditu.

Bestetik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen; bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu dute, euren aldarrietatik harago joateko asmoz.

Orain, aipatu planteamenduaren haritik, mugimendu bien arteko konfluentzia eman da, pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa, alegia, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko.

Konbentzimendu hirukoitz batek batu ditu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira. Finean, bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez.

Ezarriak dituen ardatz nagusiekin bat egiten dugu, alegia: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka, jendartearen beharren arabera antolakuntza (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).

Horregatik, Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat eginez, ondorengo ebazpen proposamena aurkezten dugu.

EBAZPEN PROPOSAMENA

Horiek horrela, Gure erakundeak:
1.- Lan, pentsio eta bizitza  duinaren aldeko grebari bere atxikimendua adierazi nahi die. 
2.- Lan- pentsio- eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak eskainiko dizkie Erakundeko langileei.
3.- Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimendurekin batera adostu duen Aldarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik,
3.1.  Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio: 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea. Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea.
Presazko izaeraz Seguritate Sozialaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferi ditzala.
3.2. Gasteizeko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela. Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiatu ditzatela. Hitzarmen kolektiboetan ultra aktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa estatu mailako hitzarmenen gainetik lehenetsiak izan daitezen sustapen lana burutu dezatela. Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza planak abiatzea. Lan-harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiatzea.
3.3. Erkidego eta Lurraldeko Gobernuei eskatzen die gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela. Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea. Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiatzea. Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea. Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera. Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea. Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.
4.- Gure Erakundean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Lurraldeko Gobernuari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie”.