(H)ilbeltza Euskal
Nobela Beltzaren Astea heldu da gurera, ilbeltzaren 20tik 26ra bitartean. Bertan,
euskal lanen aurkezpenak, solasaldiak, errezitaldiak eta erakusketak jorratuko
dituzte, aurten, seigarrenez.
Hala ere, egitasmoari hasiera Begoña Durrutyk eman dio 'Bereterretxeren Kanthoria' erakusketarekin,
zeina ilbeltzaren 13tik aitzin zabalik dagoen,
ilbeltzaren 26ra bitartean, Arizkunenean.
Horace McCoy
idazlearen 'Hobe nuen etxean gelditu' liburuari buruzko solasaldi bat jorratuko
du astelehenean, urtarrilaren 20an, Fernando Rey itzultzaileak Iruritako Gure
Kaiola elkartean, 19.00etatik aurrera.
Urtarrilaren 22an,
Anizen jarraituko du egitarauak, bertako elkartean, 19.00etan, Amaia Elizaldek
gidatuko duen 'Mirande beltza' izeneko hitzaldiaren bitartez.
Asteburuan ospatuko
dira jarduera gehienak. Ortziralean, urtarrilaren 24an, 19.00etan, 'Quentin
Tarantinoren mesanotxeko liburuak' izeneko mintzaldia izanen da Begoña del
Tesoren eskutik, Arizkunenean.
Halaber,
larunbatean egun osoko egitarau oparoari helduko diote. Goizeko 11.00etan,
Arizkunenean, 'Mundua Iturendik pasatu zenekoa' izenburupeko mahai inguru bat
egingo dute eta bertan Jon Alonso, Maribi Elizalde eta Eneko Bidegainek esku
hartuko dute. Mahai inguruak oinarri
hartuko du 1966. urteko egiazko gertaera bat: gorpu bat agertu zen; bi hilotz
zeuden hilerrian; eta zabaldu zen Ben Barka [Marokoko politikari ezkertiarra,
bahitua eta eraila] eta bere idazkaria ote ziren. Ben Barkak lotura du nobela
beltzarekin eta Afrikako deskolonizazioarekin.
Arratsaldean,
aldiz, Erratzura bertaratuko dira (H)ilbeltzazaleak eta bertako Etxelebert elkartean
bazkari bat ospatuko dute. Bazkarira joan nahi duen edonork ilbeltzabaztanen@gmail.com helbide
elektronikora idatzi dezake.
Bazkal ondoren,
berriz, liburu aurkezpenen ordua izango da, elkarte berean. Batetik, Alfontso
Gartziandiak 'Itsu kolpeka' lana aurkeztuko du. Bestetik, Josu Barambonesek, II.
(H)ilbeltza bekaren irabazleak, 'Lardaska' izeneko obra emango du ezagutzera,
Patricia Highsmithen 'The Blunderer' liburuaren itzulpena dena.
Arratsaldeko
18.00etan jolaserako unea izanen da, 'Susmagarrien gaua' hasiko bai da. Bertan
parte-hartzen dutenak Erratzun barna ibiliko dirae, prestatu dituzten
taldekako jolas beltzetan esku hartzen.
Azkenik, igandean
izanen du amaiera Euskal Nobela Beltzaren Asteak. Goizean, 11.00etan,
Amaiurren, Itzuli Beltza osatuko dute. 'Kontrabandisten Eleak izenburupean',
Amaiurko txoko eta paraje desberdinetan barrena murgilduko dira bisitariak.
Finitzeko, 'Poesiaren Kriminalak' izeneko errezitaldiak itxiko du aurtengo jaialdia, Arizkunenean,
arratsaldeko 19.00etan ere. Nobela beltza idatzi dutenen poesia batzuk aukeratu
eta euskaratu dituzte antolatzaileek okasio honetarako.