Zer da Aroztegiko proiektua? Pelotazoa!!!



(Argazkia: Erran.eus)

Aste honetan jakinarazi den epaiaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Lekarozko proiektua “pelotazo urbanistikoa” eta “pelotazo espekulatiboa” zela esateagatik Palacio de Arozteguía SL-k Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiari jarritako salaketa.

Adierazpen hauek “adierazpen askatasunaren barruan” sartu ditu Auzitegi Gorenak, udaleko kargu publiko batek, zalantzarik gabe polemikoa den gai baten inguruan, bere iritzia agerraraziz egindakoak direla argudiatuta.

Elizegiren adierazpenak legearen barruan egin zirela baieztatzen du sententziak eta zilegi dela publikoki Aroztegiko proiektua kritikatzea Nafarroako Gobernuak hura babestu arren. “Pelotazo” hitza behin eta berriz erabiltzea ezin omen da neurrigabekotzat jo epaiak dioenez;  gainera, kritika nagusiki Nafarroako Gobernuari zuzenduta zegoela nabarmendu du, enpresaren kontra baino gehiago.