Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Saguzarrek?
Zaharrak berri bai! Ez dugu natura errespetatzen eta pandemia hau ondorioetako
bat izan daiteke. Ulertu behar dugu planeta ez dela gurea, baizik eta gu
planetaren parte garela. Lurra errespetatzen badugu gure burua zaintzen dugu,
Lurra ez badugu zaintzen ez gara gure burua errespetatzen ari.
Gerran gaude?
Bai, gerra batean
sartu gaituzte, aspaldi gainera. Edozein modutan, gerra hau ez da ejertzitoen
eta solas militarren bidez askatuko, hondar asteetan horretan tematu diren
gisan.
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Lanean hankaz goiti
paratu zitzaidan egutegia eta, haurrak etxean egotean, lana eta familia
uztartzeko oreka zailagoa egin zen, nahiz eta hondarrean ederki moldatu garen etxean.
Mendira ez ateratzearen hutsunea sumatu dut batez ere. Militantziari dagokionez
bilera telematikoak eta Internet bidezko ekimenak izan dira nagusiki, eta apur
bat deseroso egin zait, uste dudalako kontrol soziala ahalbidetzen dutelako,
edo aise gehiago errazten dutelako.
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Inondik inora. Indarrean
dagoen sistemak (kapitalismoa) pertsonen arteko ezberdintasunak areagotzen ditu
eten gabe eta, osasun larrialdia ezarri delarik, ezberdintasun horiek aunitzez
gehiago gelditu dira agerian. Etxean gelditzeko agintzen zaigu baina
etxebizitza eskubidea ez dago bermaturik. Batzuek bi eta hiru etxe dituzten
bizkitartean bertze batzuek ez dute batere. Lanera ez joateko agindu zaigu
baina gero langileak egun horiek zor dizkio enpresari. Maskarillen prezioa
erregulatu da baina esnea edota haragiarena ez. Ze leku dute nekazaritzak eta
abeltzaintzak desoreka horretan guzian? Lehen sektorea, estrategikoa izan
arren, kolokan dago. Bertzetik milaka jende gelditu da lanik gabe baina
fakturak berdin ailegatzen dira, eta garestiagoak gainera. Konfinamenduak
egoera zinez zailak sortu ditu hainbat kasuetan, bortizkeria matxista pairatzen
duten emakumeen kasuan adibidez. Bertze krisietan ikusi dugu estatuak enpresak
eta bankuak erreskatatzen zituela … Noiz erreskatatuko ditugu pertsonak?
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer
adierazten du horrek?
Gure jendartean lan
aunitz daude gutxietsita, eta horregatik izan dira feminizatuak, emakumea ere
gutxiesten delako. Pandemia honetan, neurri handi batean, agerian gelditu da
zeintzuk dira jardun esentzialak, eta horretaz ohartu behar dugu. Inoiz baino
arrazoi gehiagorekin, lehentasunak ezarri behar ditugu diru publikoa zertan
gastatuko den aldarrikatzean.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Nik, argazki
orokorra eduki gabe, erranen nuke zahar-etxean, errate baterako, gertatu den egoeratik
ikasi behar dugula eta halakoen pribatizazioarekin akitu behar dela, zaintza
eta langileen eskubideak lehenetsiz etekin ekonomikoen gainetik. Bertzetik,
bertze galderan erran bezala, ohartu behar gara lehen sektorea estrategikoa
dela eta elikadura burujabetza ahalbidetzen duten neurriak eta ohiturak hartu
behar ditugula. Nekazariak eta abeltzainak babestu behar ditugu.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Pandemiari,
beharbada, arduraz jokatzen egunerokoan. Pandemiak utziko duen krisi larriari
aurre egitea, aldiz, zailagoa izanen da. Aspaldi zen dena birpentsatzeko garaia
eta orain arrazoi gehiago ditugu dena iraultzeko. Bai pertsona moduan bai eta
jendarte moduan ere, lehentasun berriak ezartzeko garaia da. Mugimendu
feministatik aldarrikatzen den “bizitzak erdigunera!” aldarria inoiz baino
ozenago oihukatzeko tenorea da. Globalki pentsatzea baina lokalki eragitea
gakoetako bat izan daitekeela iruditzen zait.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten
topatuko al dugu elkar?
Hala ematen du. Horretan
ere ikasi beharko dugu erabilera egokia ematen eta gure kontradikzioak
gainditzen. Internetek arriskuak eta abantailak ditu, eta helburu zintzoen mesedetarako
erabiltzen ikasi beharko dugu.
Egoera honen aurrean, borroka da …
Bide bakarra.
Aspaldiko kantu bildumak zioen gisan, borrokara kondenatuak gaude. Hori bai,
ulertu behar dugu borroka ez dela esprint bat izanen, maratoi luzea baizik.
Beraz, hartu arnasa, bilatu zure oreka, eta ekin lanari!
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke.
Zergatik?
Alarma egoeraren
lehen egunetan, erdi shock egoeran, George Orwellen 1984, Ray Bradburyren Fahrenheit
451 eta holako fikzio batzuekin gogoratu nintzen. Fernando Morilloren Bilbo Samurai nobela ere burura etorri
zitzaidan, Euskal Herrian etorkizun apokaliptikoa marrazten duen liburua: “Dena
amildu zenean, Hondamendian, ez zen aienetarako astirik izan. Zibilizazioa porrokaturik
geratu zen, hondarrezko gaztelu bat itsaso basati baten olatuen aurrean bezala.
Bat-batean eta bortizkeria handiz gertatu zen dena. Orduan, bere lubaki
primarioenean babestu zen bizitza: bestea hil ala norbera.”
Orain, lasaiago
pentsatuta, etorkizuna baikorki irudikatzen ahalegintzen naiz. Horretarako,
Luis Miguel Uhartek eta Júlia Martí Comasek koordinatu zuten Repensar la economía desde lo popular liburuaren irakurketa aholkatu nahi
dut. Zibilizazioaren krisiari aurre egiteko, dominazio anitzaren (kapitalista,
heteropatriarkala, kolonial-inperialista, antropozentrikoa …) sistemari
alternatibak proposatzen dizkio, Latinoamerikako hainbat esperientzia azalduz
eta agerian utziz ekonomia bertze modu batez antolatzen ahal dela, pertsonak
lehenetsiz etekin ekonomikoen aurretik.