Garazi Sarobe: "Inoiz baino garrantzitsuagoa da kolektiboki aritzea"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Batek daki, zehatz-mehatz, hona nola heldu garen, baina bistan gelditu dira sistema honek dituen ezgaitasun guztiak.

Gerran gaude? 

Gerran batean egotera bultzatzen gaituzte, bai norberarekiko gerra pertsonal batean, bai besteekiko norgehiagokako gerra batean. Indibidualismora bultzatzen gaituen sistema honentzat egoera bikaina bihurtu da hau, bakoitzak bere ongizatea lortu dezan, gure buruan bakarrik pentsatzera bultzatzen gaitu, elkarlana alde batera utziz.

Zein eragin izaten ari da pertsonalki?

Presioa eta estresa. Ikasle naizen honetan, hezkuntza-sistemaren ezgaitasunak ere bistan geratu direla salatu nahi dut. Edukia berdin-berdin barneratzera behartuak gaude egoera honetan, hori aurrera eramateko baldintzak ditugun edo ez kontuan hartu gabe.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Argi dago ezetz. Klase sozialak, adinak, generoak … zer esan handia daukate egoera honen aitzinean; Dirudunek abantaila ugari dituzte bertzeengan, osasun zerbitzu pribatuak adibidez. Adinekoen egoera adibidez penagarria da, eta ez gara arras urrun joan behar hori hala dela ikusteko. Emakumeen kasuan aldiz, bortxaketen salaketa kopurua nabarmen igo da, eta ez dira gutxiago isolamendu honetan erail dituzten emakumeak: erasorik ez erantzunik gabe!

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Jardun esentzial gehienak oso feminizatuak daude eta ez dira bertzeak bezain baloratuak. Orain ordea argi ikusi da bertzeak bezain garrantzitsuak direla, elkartasun osoa lan hauek burutzen ari direnei!

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Bertako denda ttikientzat eta autonomoentzat sekulako gainbehera ekarri du egoera honek. Bertzalde, kaleetan guardia zibil, foruzaingo zein militarren presentziak kontrol eta beldurra areagotzea bertzerik ez du ekarri.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Elkarlanean. Egoera honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da kolektiboki aritzea, elkar lagunduz lortuko dugu egoera eramangarriagoa izatea., herriak bakarrik salba dezake herria.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Baietz erranen nuke, inkesta honen bitartez interneten topatu dugu elkar, eta antzekoa da dena egoera honetan, pantaila bizirauteko tresna bihurtu da.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Ezin bertzekoa. Hasteko pertsonalki formatzeko egoera bikaina da, eta ahal den moduan, etxetik bada ere borrokan jarraitu behar dugu. Hau akitzean inoiz baina indartsuago atera beharko ginateke kalera!

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Onartu beharra dut irakurtzeko ohitura anitzik ez dutela, baina bada anitz gustatu zitzaidan liburu bat: Piztiaren begiak.

Nobela beltza asko gustatzen zait, sorrarazten dizun beldur puntu hori, beldurgarria baina kitzikagarria. Liburu hau nobela beltza da, eta bertan kontatzen duen istorioa oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gizarte honetan dauden hainbat egoera islatzen ditu, eta aldi berean puntu beltz hori du, irakurtzeari uztea uzten ez dizun puntu hori.