Izan ere, azken
urteotan presoak banaka-banaka kaleratzen joan diren arren, larritasunek gora
egin dute denborarekin. Sortu dioenez, “egoera benetan larria da, premiatsua.
Ia hiru urte dira euskal preso politikoek ibilbide juridiko-penitentziarioa
egitea erabaki zutela. Batzuek hortxe kokatzen zuten presoen egoera bideratzen
hasteko gakoa, bide juridikoari ekitean alegia. Baina oztopo ugari eta
erraztasun gutxi aurkitzen ari dira presoak bide horretan, eta guztion bultzada
beharrezkoa da. Presoen urratsak babestu eta konponbidea errazteko jarreran
murgilduak gaude, eta horretan jarraitzea dagokigu”.
Alde horretatik, Sortuk
dioenez, “euskal preso politikoen egoera
konponbidean jartzeko aukera berri baten aurrean gaude, ikusirik, batetik, Euskal
Herrian adostasun zabala dagoela maila politiko, sindikal eta sozialean.
Bestetik, mobilizazio sozial anitz eta jendetsuak jendartearen sektore
zabaletan gai honekiko dagoen sentsibilitatea erakusten du. Gainera,
konponbidean egin diren urratsek presoen auziari ekiteko baldintza berriak
sortzen lagundu dute.
Orain da unea
Euskal Herriaren etorkizuna oinarri sendoen gainean eraiki ahal izateko. Eta
horretarako ezinbesteko urratsa da euskal preso politikoen etxeratzea. Euskal
Herriarentzat ez ezik, uste dugu Espainiarentzat eta Frantziarentzat ere
onuragarria litzatekeela euskal presoen egoera konpontzea, motzera zaila
iruditu arren, arazoei arrazoizko konponbidea emateak jendarte eredu osasuntsu
eta demokratikoagoak eraikitzen laguntzen baitu”.