Aritz Alunda: "Herritarren indarrak batuko ditugula sinetsi nahi dut"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

EHri begira jartzen bagara, bizi dugun egoera kritikoa, espainiar eta frantziar estatuek alarma egoera berandu eta gaizki kudeatu dutelako da, euren arreta guztia kapitalari begira baitago. Pandemiaren errua animali bati bota? zergatik ez, erreza da eta saguzarrak ez dira gizakiak bezala kexatuko. Baliteke birusaren jatorria animalien genetik etortzea (saguzarra, pangolinoa ...); dena den, ez dut uste noizbait egia jakinen dugunik, eta ezjakintasun horretan bizitzea gizartearen onerako izanen dela iduritzen zait.

Gerran gaude?

Gerran daude, eta ohikoa den bezala gu aterako gara galtzaile. Porrot berri honek halabeharrez okertuko dituen erronketan, herritarren indarrak batuko ditugula sinetsi nahi dut.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Egunero Baztandik Donibane Lohitzunerat joan etorria egiten dut, lan egiten dudan enpresak ez baitu egun bat ere itxi. Biriatuko peajea zeharkatzen dut, baita bertako polizien kontrola ere. Lurraldeari begira jartzen naizelarik, Hego EH eta Ipar EHren arteko zatiketa bortitza eta jasanezina egiten ari zait. Presentzia poliziala ikaragarria da mugan eta mugatik kanpo; azken hilabete honetako nire bizi soziala bihurtu dela erranen nuke.

Adibidez, duela bi aste, ostiral batez, egunean zehar sei kontroletan gelditua izan nintzen: CRSk «bonjour monsieur» eguna ongi hasteko; Police Nationalek «papiers s’il vous-plaît» nire burua aurkezteko; Gendarmerie Nationalek «je peux vous verbaliser» bien artean boterea nork duen erakusteko; Policia Nacionalak «en que trabaja Aritx» nire ogibidea zein den jakiteko; Guardia Civil de Trafico «¿de dónde viene caballero?» nire eguna kontatzeko eta, etxera iristean nola ez, Foralen «¿a dónde se dirige?» eguna non bukatuko dudan jakiteko.

Zorigaiztoko une hauetan, zorionekoa sentitzen naiz: osasunaz ongi nago eta hurbilekoak ere bai.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Orain arte ikusi dugu adinaren arabera ez dela berdina; osasun egoeraren aldetik ere ez; geografikoki bizi garen herrialdeen arabera kutsatu kopurua alda daiteke; klase sozialen kasuan eskubide ezberdinak daude; generoaren arabera, bertze behin, injustiziak agerikoak dira eta lanpostuei dagokienez, gorabehera ugari daude. Beraz ez, ez dut uste pandemia honek denoi berdin eragiten digunik.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Lanpostuek generoen arabera zatituak jarraitzen dutenaren seinale da, tamalez. Egunerokoan jardun prekarioak direnak, are prekarioagokoak bilakatu dira pandemia garai honetan.

Polita da konfinamendu denboran euren lana eskertu eta txalotzea; hori bakarrik egitearekin konformatzen dena, sistema kapitalista eta matxista hau iraultzeko ahaleginik egin gabe, hiprokrita hutsa da.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Penagarria.

Zonalde turistiko garrantzitsu bezala pandemia honek gogor jo du, eta beldur naiz luzerako izanen dela, krisi ekonomiko haundia iragarri baitute.

Osasunaren aldetik, Baztanen ere herritarren zaintza ez da lehentasunez hartu: adibide handiena zahar etxearena da, bistan da. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi jardun esentzial eta ez esentzialetan lanera joatera behartuak izan diren herritar guztiak, baita bertako autonomo eta komertzio txikiak jasaten ari diren kolpe latzak ere.

Kapitalismoa areagotu nahi duten horiek laborategiko saguak bezala erabiltzen gaituzte gure bizitzarekin nahi dutena eginez.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Eredu sozial berri bat martxan jarriz eta burujabetzaren urratsak segituz. Pandemiak ekarritako krisi berri honetan, herritarren kontzientziatze lanek eta norberaren hausnarketek bat eginen dutelakoan nago. Miguel Torga idazle portugesak zion bezala «O universal é o local menos as paredes» eta aldaketak herrietatik hasi behar dira, herritar ororen parte hartzearekin.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Bai, nola ez. Interneten elkar topatzeko beste aukera bat da eta urteak daramazkigu interneten elkar topatzen. Konektatu aditzari «hiper» aurrizkia jartzea, pandemiak ekarri duen beste ondorio bat besterik ez da.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Bakea lortzeko modurik eraginkorrena. Burujabetza eskuratzeko prozesuan eramango dugun borrokak aspalditik eskuratu nahi dugun bakea ekarriko digulakoan nago.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Berriki berriz irakurri dudan Toti Martinez de Lezearen Hautsi da katea: Sara izan zen lekuko, Frantziako iraultzak Ipar Euskal Herriarengan izan dituen talkak azalduak dira, Baiona, Bera eta Sararen artean iragaiten den gizon baten istorioa kontatuz. Istorio honetan frantses armadak Nafarroa eta Lapurdiren arteko mugak kontrolpean ditu eta ia ezinezkoa bilakatzen da toki batetik bestera pasatzea.

Eta bertzerik ez; gaur egun mugak zeharkatzeko ditugun zailtasunak ikusita, liburu hau etortzen zait gogora. Baita Bernardo Badiola Txirrita erail zuten modua ere.