Baztango Zaintza eta Elkartasun Sarea martxan!


BAZTANEN ERE, FEMINISMOAK EGINEN GAITU HERRI!

Maiatzaren 25ean, 18:00tan Elizondoko plazan , Baztango Zaintza eta Elkartasun Sarearen hirugarren bilera eginen da. Orain arte egindako bi bilerak mugatuak egin behar izan dira legearen gorabeherak medio, beraz kolektibo, eragile eta mugimenduko kideen ordezkariekin egin dira. Covid-19aren krisiaren deseskaladaren 2. fasearen sarrerarekin batera bilerak jendetsuagoak izatea ahalbidetzen zaigu eta beraz sarea osatzeko bertaratzera gonbidatzen zaituztegu Baztandar norbanako oro.

Sarea hiru ardatzen bueltan antolatzen da:

1. Zaintza. 

2. Oinarrizko eskubide sozialen defentsa. 

3. Antikapitalismoa. 

Taldeak COVID-19 testuingurura murrizten ez bada ere, egoera horretan jada sortu den eta etorriko den krisiaren ondoriozko kezketan du sorburu. Horren harira, zenbait arazo identifikatu ziren maiatzaren 3an eta 11n egindako aurreko bileretan: baztandar guztientzako elikagaien hornikuntza falta, alokairuak ordaintzeko zailtasunak eta etxe kaleratzeen arriskua, etorkinen egoera estua, bakarrik bizi diren adinekoen egoera, gizarte zerbitzuen irismen falta,Baztango etxebizitzen egoera, eta abar. Arazo horiei eta bertze hainbati aurre egiteko Baztango herri mugimendua batzea alimaleko aurrerapausoa izan daiteke.

Egingo dugun batzarrean honakoak izan daitezke martxan hasteko dinamikak:

1. Sarearen orain arteko ibilbidea eta aurkezpena

2. Batzordeen sortzea, hiru proposatuko ditugu:
  • Zaintza batzordea: Zahar etxea izanen duena hasteko hizpide.
  • Oinarrizko eskubide sozialen defentsaren batzordea: etxe kaleratzeak izanen dituena hasteko hizpide.
  • Ideologiaren batzordea: guztia ideologiaz beztituko duena, antikapitalismoa, feminismoa.

3. Batzordeetan solastutakoa komunean jartzea
4. Dinamika, elkartzeko maiztasunaren eta moduaren adostea.

Beraz, erran bezala, datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, 18:00etan Elizondoko plazara hurbildu eta guztion artean elkartasun sarea sortuko dugu. Hartu diezaiogun aurre elkarrekin krisi honi. 

Baztandarrok elkar zaindu gaitezen!