Izargi Zumarraga: "Txaloak ez ditugu eskatzen, lanbide hauen garrantzia aitortzea baizik"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Inork ez zuen horrelakorik etorriko zenik espero, edo bai. Posible da kutsatutako lehenbiziko gizakia saguzar baten bidez kutsatu izana. Baina ez dira saguzarrak izan planeta osoan zehar jendea kutsatzen ibili direnak. Birusa hain denbora gutian hainbertze hedatzearen errua globalizazioarena da. Gaur Txinan egon gaitezke eta bihar Baztanen; eta ez pertsonak bakarrik. Egunerokotasunean kontsumitzen ditugun hainbat eta hainbat produkturen jatorria aztertuz gero, gauza bera gertatzen dela ohartuko gara. Beraz, bizi eredu honekin, mundu osora zabaltzea saihestezina zela erran daiteke.

Gerran gaude?

Desplegaturiko militar guztiak ikusita hala ematen du. Ez dakiguna da nor noren kontra dabilen gerra honetan, edo indar erakusketa bat bertzerik ez ote den.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Pertsonalki arras gogorra izaten ari da egoera hau. Nahiz eta hasieran eskertu eta dena egin nuela aitortu behar dudan. Banuen halako gelditzeko behar edo gogo hori. Profesionalki lehen lerroan egotea tokatu zait. Erizaina naizen aldetik eta zahar etxean lan egiten dudan aldetik egunerokoan nago birusarekin kontaktuan. Zahar etxeko langileok esfortzu haundia egiten ari gara bertako aitetxi-amatxiak ahalik eta hobekien zaintzeko, beti bezala. Baina dena ez dago gure esku eta gure gainetik dauden zuzendari eta sasizuzendariekin egunerokotasunean eztabaidan ibili beharrak ez du egoera hobetzeko batere laguntzen; ezta langile bezala ditugun eskubideak behin eta berriz zapaltzen ikusteak ere.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Argi dago ezetz. Hasteko, gaixotasunak dakartzan ondorioak ez dira denendako berdinak, ezta kutsatzeko arriskua ere. Etxean egoteko bizi baldintzak ere ez ditugu denek berdinak, baina lan alorrean zentratuko naiz. Etxetik lan egin dezakeen pertsona batendako gogorra izan daiteke lau pareten artean itxita egotea, baina gaixotzeko dituen arriskuak aunitz murrizten dira. Ehunka langile elkartzen diren fabriketan lan egin behar dutenek arrisku aise haundiagoa izanen dute. Eta zer erran pertsona kutsatuekin eta babes neurri eskasekin lan egin behar dugunoi buruz … arriskuak biderkatu egiten dira neurri nahikorik izan ezean. 

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Momentu honetan egunero txalotzen ditugu jardun esentzial horietan lanean dabiltzan edo gabiltzan langile horiek, gehienak emakumeak. Orain heroi bilakatu garenak orain arte ez genuen inongo errekonozimendurik. Eta ez dugu txalotuak izatea eskatzen. Lanbide hauek (zaintzaile, garbitzaile, dendari, nekazari …) duten garrantzia aitortzea eskatzen dugu, eta aitortzeko modua baldintza duinetan lan egitea da. Egoera beltz hau akitzen denean, amnesiarik egon ez dadin espero dut. Zaintza eta bizitza dira erdigunean jarri behar ditugunak, ez sakel trajeatuetako sosak.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Alde ekonomikoan, gaur egun, Baztanen gehien mugitzen den sektorea turismoarena dela erran dezakegu. Orain ohartu gara zein apustu arriskutsua den turismorat dena jokatzearena … Ostatu, jatetxe, landetxe … eta zuzenki eragiten dieten komertzio ttikiek izugarrizko galerak izan dituzte berrogeialdi luze honetan. Honek ere balioko digu ekonomiaren nondik norakoak birpentsatzeko.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Aurreko erantzunarekin segituko dut: ekonomiaren nondik norakoak birpentsatzea ez da pandemiari aurre egiteko bakarrik. Egiazki esentziala zer den ohartzean dago gakoa bizi eredu jasangarriago batera pausua emateko. Bertako ekoizleengana hurbildu, bertan erosi, bertakoa kontsumitu. Iduritzen zait gai honekin baztandarrak gero eta kontzientzia gehiago dugula. Konfinamendu garaian hausnartu ditugunak praktikan jarri behar ditugu orain.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Egia erran baliabide arras erabilgarria bihurtu da familia eta lagunekin birtualki “elkartu” ahal izateko. Sozializatzeko beharra egunetik egunera areagotzen da eta internetek alternatiba hori eskaini ahal izan digu. Hau alde on bezala. Alde txarretako identitate anonimo eta “fake news”etan ez naiz sartuko.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Zaintzaren egiazko garrantzia azaleratzeko tresna garrantzitsuenetakoa.  

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Azken aldian irakurri dudan liburu bat gomendatuko dut: Miren Amurizaren Basa. Protagonista den Sabina pertsonaia aunitz gustatu zait. Baserrian biziraun nahi eta ezin duen amatxia. Saiakera guziak egiten ditu bere burua zaintzeko, ongi dagoenaren itxura emateko. Emakume egiazki indartsua.