Julen Mitxeltorena: "Egoera gordinetan soilik aitortzen dira esentzialak diren ardurak"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Agian kutsaduraren katean zer ikusirik izango zuen saguzarrak, baina niretako kutsaduraren mailak eragin du pandemia modu honetan zabaltzea; Elektronikak, erregaien erretzeak, mota guztietako zabor pilatzeak, e.a. 

Gerran gaude?

Gerran gauden adierazpenak mentalitate militarra adierazten du. Honaino ailegatu bagara sistema (kapitalista/neoliberalista) honetan bizi garen ondorioengatik izan da. Gerran gauden egoerak jende izakiaren ardura eta errua tapatu nahi izatea ekartzen du.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Nere maila pertsonalean erraza egin zait egoera honetan bizitzea. Familian bizitzailea naiz, eta alabaren haurdunaldiaren azken txanpa elkarrekin egin dugu, gure etxean, bi bilobekin. Apirilaren 28an sortu zen Lur, eta bitartean familiekin eta bereziki bi bilobekin gozatu dut. Etxe ondoko baratzean ere normaltasunaz aritu naiz, beraz aldeko elementu hauekin maiatz arte erraz eman dut.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Alde batetik ematen du birus honek gustuko dituela osasunaz ahul diren pertsonak, eta bertze aldetik jendea pilatzen den tokietan errazago zabaltzen dela. Zahar edo adinekoen etxeetan 2 egoerak ematen dira, horregatik hainbertze kutsatu leku horietan. Bertze gauza da hartu beharreko neurriek zein egoeretan uzten duten pertsona bakoitza; lehen mailan eta egoera larrienean erizainak, sendagileak, eta osasun eta adinekoen etxeetan lan egiten duten jende oro. Gero ezinbertzean saltzen egon behar duten lagunak, nahita ez zerbitzua eman behar dutenak eta ardura administratiboren bat  dutenak. Gero hezitzaileak, haur ttikien gurasoak, langileak, e.a. Eta modu lasaiagoan erretiratu eta premiazko ardura ez dutenak.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Jardun esentzialetan gehienak emakumeak izateak adierazten du bizitzako funtsezko arloetan bereziki emakumea arduratzen dela. Egungo sisteman erakargarriagoak egiten dira esentzialak ez diren baloreak, esentzialak bigarren mailara baztertzen dira, eta alderantziz izan beharko litzateke. Egoera gordinetan soilik aitortzen dira esentzialak diren ardurak.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Nik uste Baztanen, bertze lekuetan bezala, hankaz gora jarri dituela bazterrak. Hau pasatzeekin izango dira kontuak. Nere ustetan egoera horretarako Baztanen badagoela aitzin lan bat egina, hausnarketa bat egina, eta ezinbertzekoa izango da sakontzea hausnarketa eta erabakietan.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Baztanen ere pazientziaz eta errespetuz jardun beharko dugu. Ematen diren aginduak eztabaidagarriak badira ere, ez dago eztabaidarako egoera objektiborik. Niri kezkatzen nauena da egoera objektiboak ematen direnean nola ekingo diogun ondorioei eta hartu beharreko erabakiei.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Jendartea konektatzeko tresnaz baliatu behar dugu, baino ez daitezela tresna horiek gureez jabetu. Transmititzeko urrezko baloreak bazterrean uzten ditugu, batez ere familiako solasaldiak, eta horien ordez prestazio handiko sareak nagusitzen ari dira, hotzak eta pertsonalitaterik gabekoak.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Borroka beti tresna eraginkorra da. Elkarbizitza erdigunean jartzea, berdintasun ikuspegitik jardutea, elkar errespetuzko jarrerak izatea, ingurumen eta natura zaintzea, jende guztien askatasuna eta eskubideak lortzea, transmisioaren erdigunean gure hizkuntza jartzea, e.a., Honek borroka eta antolakuntza ezinbertzean jartzen du.   

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Liburu baten irakurketa baino gehiago bi idazle aipatuko ditut: Iñaki Egaña eta Jose Mari Esparza. Gure Herriko historia argitzen bai dute. Hala ere nik nahiago dut baratzeko lanetan aritu.