Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Agian egia da
saguzarrek eragina izan dezaketela birusaren jatorrian edo hedapenean, baina ez
dugu ahaztu behar kutsatzen ari garenak gizakiak garela, eta gu ere izan
gaitezkeela erokeria guzti honen sortzaile. Birus honek, mozorroa kendu digu
gizakioi, gure ahultasunak azaleratuz eta antolatzeko nahiz bizitzeko dugun
modua zalantzan jarriz.
Gerran gaude?
Uste dut etengabeko
gerran gaudela, birusa "kasualitatez" agertu baino lehenago ginen,
orain gaude eta egongo gara. Hau guztia hasi baino lehenago, bakoitzak gure
liskarrak genituen, gauza aunitzekin desadostasunak eta geldialdi honek aukera
eman digu gogoeta bat egiteko , gure lehenagoko bizitza azeleratu horrek ematen
ez zigun aukera. Errandakoa kontutan hartuz, agian, hau bukatzean, gerra
handituko da eta etxean gorde ditugun desadostasunak kalera aterako ditugu.
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Nire buruarekiko
eztabaidan murgiltzen naiz aunitzetan, eta emozioen gorabehera nahiko handiak
ditut. Bertzetik, ikasle naizen aldetik,
ez dut estres handirik baina egia da edukiak ezin ditugula berdin ikasi,
gainera, hezkuntzan dauden ahuleziak agertu dira eta ondorioak ikasle nahiz irakasleek
jasan behar ditugu eta ez hezkuntza sistema ezarri dutenek.
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Bistan geratu da
ezetz, ez dut uste Baztango denda txikietan lan egiten dutenak Amancio
Ortegaren maila berean egongo direnik, argi dago ez diela berdin eragingo. Ez
dut uste berdin eragingo digunik guri edo etxerik ez duen bati, eta horrelako
bertze hainbertze adibide. Denda txikien gaiaren harira, uste dut denok
konturatu garela ze isila eta tristea den Baztan dendetako pertsiana jaitsiekin,
kaleetan jenderik gabe. Konturatu
beharko ginateke eta gure kontsumismo basati nahiz zapaltzailea kolokan paratu
beharko genuke: noraino ailegatzeko prest gaude? Zeren truke lortu nahi ditugu
gure 5 euroko kamisetak? Zergatik ez ditugu bertako jakiak kontsumitzen?
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer
adierazten du horrek?
Orain arte
beharrezkotzat hartzen ez ziren lanetara bideratuak zeuden emakume aunitz, ordu
kopuru gehiegi eta gaizki ordainduekin. Ea behingoz konturatzen garen zer den
garrantzitsua.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Baztanen eragin
handia izango du, azkenaldian turismotik bizi izan da jende aunitz, baina badut
esperantza jendea desberdin aterako dela kanpora. Pentsatu nahi dut denek
gehiago babestuko dugula hemengoa dena, lehenago gauza aunitzez genuen ideia
aldatuko dela.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Elkarbizitza eta
elkarlana uste dut direla modua, denen arteko konfiantza eta norberaren ardura.
Uste dut arras erreza dela gizartea orokorrean epaitzea baina ez dugu ahaztu
behar gizartean gu gaudela eta ahal dugun heinean korapiloak askatzen ahal
ditugula.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira.
Interneten topatuko al dugu elkar?
Bai, teknologia
berrien kontrako argudio gehiago bildu ditut azken aldian, erabateko kontrola
inposatzen ari dira eta gu konturatu orduko dena jakingo dute. Hala ere,
interneten sartzen naiz egunero, etxeko lanak
google
bidez egiten ditut eta instagram eta whatsapp aunitzetan sutan daude, erran
daiteke internet drogaren bezeroak
garela.
Egoera honen aurrean, borroka da …
Beharrezkoa, baita
autokritika ere.
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke.
Zergatik?
Bi liburu aukeratu
ditut, bietan emakume idazleak. Hasteko, Kirika
FM bizi garen munduei begira, Elurre Iriarteren liburua, urrunago joan gabe
etxekoa dugun liburua, badakit Baztango aunitzek irakurri izanen duzuela baina
irakurri ez duzuenentzat horra luzapena, inguratzen gaituzten hainbat gairi
buruzko kritika, niri arras ongi etorri zait gai batzuez gehiago jakiteko eta
gogoetan murgiltzeko.
Bertzetik, Nora ez dakizun hori , Irati
Jimenezen liburua, maitasun istorio bat dela esan dezakegu, bi istorio lotzen
dituena, alde batetik Martin argazkilaria dago eta bertzetik Nora irrati-esataria.
Nahiko misteriotsua da, bukatu arte irakurtzen gelditzen zaren
horietakoa.