Marijo Garmendia: "Krisi hau puntuala izan da, baina inflexio puntua ere izan beharko luke"




Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Behar bada saguzarrak birusa garraiatzeko tresna gisa erabiliak izan dira, baina koronabirusa ez da nire ustez, saguzarrek eragindako gaixotasuna. COVID19 nahita eragindako birus bat denaren susmoa dut, helburu argi bat daukana: gizartea kontrolatzea. Hau proba bat izan da eta beldur naiz, munduko populazioa kontrolatzea zein erraza den ikusita, aurrerantzean ez ote dituzten maizago konfinamenduak aginduko.

Gerran gaude?

Bai, baina aspaldi. Kapitalismoa da nagusi gerra honetan eta denok dakigu kapitalismoa asegabea dela. Gehiago eta gehiago nahi du, mugarik gabe. “Katamalo” taldearen abesti bat datorkit burura: “Baina zer da irabaztea eta zer galera?”. Nik uste honek guztiak hausnarketa eragin beharko ligukeela, hausnarketa norberaren bizimoduaren ereduaren aitzinean. Natura  ikustea bertzerik ez dago. 50 egun konfinatuta egon garen honetan, basoak biziberritu dira, airea garbitu, kutsadura gutxitu, … ezer egin gabe.  Benetan gure burua hain beharrezkoa dela pentsatzen dugu?

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Bizitzan gelditzea ona da, gauzak perspektibaz ikusteko. Tarrapataka bizi garen gizarte honetan geratzeko aukera eman dit koronabirusak eragindako konfinamenduak. Familiaz gozatzeko, seme-alabekin eta senarrarekin egoteko … alde txarra ere badu honek guztiak, gainontzeko senitartekoekin eta lagunekin ezin egoteak tristura eta sentsazio bereziak eragin dizkit.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Birusak ez du dirudunen eta txiroen artean ezberdintasunik egiten, baina birusa erasotzeko baliabideak ez daude guztiontzat era berean eskuragarri. Osasun baliabide publikoak murriztearen aldeko politikak egin dira azken urteotan eta orain ondorioak agerian geratu dira. Gutxieneko langile kopuruarekin lan egitea normala dela sinestarazi nahi izan digute, langile gutxi, baldintza kaxkarrak, … krisia heldu da eta sisteman gainezka egin du. Honek hausnarketa egitera bultzatu beharko liguke eta hauxe izan liteke ere baliabideen gestio publiko eta pribatuaren arteko eztabaida mahai gainena jartzeko tenorea.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Zerbitzuak, eta batez ere zaintzari dagozkion zerbitzuak emakumeen ardurapean uzten direla. Makurrena baina, lanbide hauek aunitzetan bigarren mailakoak bailiran ikusten direla. Emakume eta etorkina da aunitzetan zaintza lanetan aritzen den emakumearen profila: lana behar duen emakumea, paperik gabekoa, … hartara, beharrak eraginda, edozein baldintzatan lan egiteko prest dagoena. Bermerik gabe egiten dute lan eta krisia lehertuta, beraiek izan dira bortizki sufritu dutenak. Lanik gabe, diru sarrerarik gabe, bermerik gabe, laguntzak eskatzeko eskubiderik gabe, …

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Osasun krisiak krisi ekonomikoa ekarriko du. Hasteko, gure nekazari eta abeltzainek hasieratik jasan dute krisi honen eragina, euren produktuak ezin salduz. Saltokiak, zerbitzuak, ostatuak, jatetxeak, dena itxita eta orain pixkanaka zabaldu ahalko dituzte euren ateak baina auskalo zein baldintzatan eta oraindik ez dago argi horiek betetzeak bideragarritasuna ahalbidetuko dien.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Krisi hau puntuala izan da, baina inflexio puntua ere izan beharko luke: ekonomia birtokiratzeko eta kontsumo arduratsua bultzatzeko. Burujabetasuna da tokian tokiko garapena sustatzeko gakoa.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Internetek “des-konektatuta” mantentzen gaituela uste dut. Ez naiz sareko lagunen maitalea, nahiago ditut lagun fisikoak eta haiekin ostatuan elkartzea. Errealitatean bizitzea gustatzen zait, birtualitatea ez dut gustuko.

Egoera honen aurrean, borroka da …

Burujabetasuna.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Ipuin bat gomendatuko dizuet haurrekin irakurtzeko eta helduek hausnartzeko. Dani Martirenak idatzitako eta Ana Ibañezen marrazkiak dituen Hankaz gora du amak mundua. 2008ko krisialdian, hipotekak ezin ordaindu zeudenei dedikatutako istorioa. Bertan haur baten kezka agertzen da, ama triste dagoelako. Ama erizaina da eta langabezian dago. Munduak pupua duela erraten dio semeari. Semeak tirita bat nahiko luke mundua sendatzeko eta amak poza berreskuratzeko. Liburu zoragarria munduari buelta emateko beharraz ohartaraziz. Irauli dezagun mundua, jarri diezaiogun tirita. Gure esku dago!