Militarrak kanpora Baztan-Bidasoatik!



Garai gogorrak bizitzea tokatu zaigu, covid-19ak eragindako osasun krisia, hagitz larria izaten ari da eta uzten ahal duen egoera ekonomikoa are larriagoa izan daiteke.

Honi,  Baztan-Bidasoan, gure karrikak eta komertzioak uniformatutako militarrez beteta eta inposatutako muga artifizialak, bertakoentzat existitzen ez direnak eta orain fisikoak direnak, kanpamentu militar inprobisatuak bihurtuta ikusi beharra gehitu behar zaio, azken honek herritarren egunerokotasunean kalte zuzena sortuz aunitzek mugaren bertze aldean lan egiten bait dute. Espainiar ikur eta guzti, berez, egunero dugun indar okupatzaileen presentzia onartezina handituz.

Ez dugu, gure osasunaren izenean, eskualdea militarizatzerik onartuko. Are gehiago beraien presentziak, helburu identitarioak baino ez dituenean, etengabeko joan etorriekin gerra egoeran egongo bagina bezala, eta handikeriaz aritzen direnean; hainbat lekutan, kontsumitu ondoren, ordaintzeari uko eginez adibidez.

Jarrera horren bertze adibide bat dugu, duela aste pare bat, Lesakako gazte bati, metraileta eta guzti, egindako “galdeketa” inprobisatua. Horrelako jarrerak ez dire berriak ez eskualdean eta ezta Euskal Herrian ere. Aski ongi dakigu nortzuk diren eta zertara etortzen diren eta garbi dago beraien helburua ez dela herri hau zaintzea, kontrakoa baizik.

Osasuna zaintzearen “argudioa” aitzakia dela garbi gelditzen da, herria izan bait da instituzioek publikotasunaren gestio txarraren ondorioz sortutako gabeziak asetzeko antolatu dena; medikuak, erizainak, zaintzaileak, suhiltzaileak, elkartasun sareetako kideak... Instituzioen gestioa txarra izan bada ere, aparteko aipamena merezi dute eskualdeko udaletxeek, herritarrekin eta langileekin kokatuz. Bitartean, justifikaezina den gastu militarra inposizioarako, kontrolerako eta propagandarako (egin dituzten desinfekzio lan gutxi horiei izugarrizko oihartzuna emanez, Elizondoko zahar etxekoa adibidez) erabili izan da. Dirua zerbitzu publiko duinentzako behar dugu eta ez gure herrietan armaturik joaten diren indar okupatzaileentzako!

Covid-19aren krisiaren aitzakipean, Espainiako gobernuak egindako politika birzentralisten artean bertze bat dugu hau, baina ozen aldarrikatzen dugu, ez ditugula nahi ezta behar ere Euskal Herrian!