Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Honainoko bidea ez
zen Wuhanen azaroa-abendua aldean hasi baizik eta diru akumulazioaren izenean
gisa guztietako zapalkuntza saldoaren ondorioa dela. Birusa Korona da,
pandemiak aldiz Kapitalismo du izena eta Heteropatriarkal eta Kolonial
abizenak. Gau-iñarak momentuko aitzakia baino ez dira, garai berrietarako
petxeroa.
Gerran gaude?
Hartara ohitu omen
gintezke, baina egon, aspalditik badago. Bistan denez ez birus baten kontra
borrokatzeko espainiar armadak saldu nahi digun hori. Bake faltsuan bizi ginela
uste dugunok, galderak gailentzen direneko garai hau baliatu beharko genuke
normalkerien kontu hau gure barrideei ongi azaltzeko.
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Telelanari grazia
ez diot inondik harrapatzen nik. Sozializazioa, konplizitatea, saretzea eta
aliantzak in presentia egiten dira batik bat, kolektiboan, eguneroko kezka, kinka
eta erronka txiki zein handietan. Hiru jardunaldi aldi berean eta hala moduz
uztartu behar izateak gainera osasuntsutik oso gutxi daukala uste dut.
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Kapitalismoak?
(kar,kar,kar) ez doike!! Osasun larrialdi batek hein batean denak berdintzen
gaitu, izan ere birusak ez baitu ezagutzen harrapatzen duen gorputzaren kontu
korrontea. Eta hala eta guztiz ere, jendarte honen alfonbrapeko zabor guztia
agerian gelditu den egoera honetan, hara eta non, konfinamenduetatik
konfinamenduetara izugarrizko aldea bada, horretarako ere klaseak
baitaude...momentuz.
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer
adierazten du horrek?
Emakumeek bizitza
sustengatzen dutela, hemen eta Txinan. Mundu izeneko antzerki honen
agertokiaren gibeleko aldean emakumeak daudela.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Fitexko da zenbait
gauza baloratzeko. Agerikoena, dramatikoena, zahar etxean gertatzen ari dena
dela uste dut. Bertako sindikatuek salatu duten moduan, lan baldintza,
baliabide eskasia eta kudeaketa eredu batekin lotura zuzena dauka honek,
zerbitzu publiko baten truk etekinak atera nahi dituen enpresa pribatu baten kudeaketa
baitago tartean. Egoera hori iraultzeko lehenago ere saiakerak izan dira, orain
huraxe genuke lehen erronka handia nire ustez.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Feminismoz, klase
kontzientziaz, zaintza kolektibizatuz eta haren pedagogia eginez, tokikoa
(elikagaiak, komertzio txikiak, kultur ekoizpena...) bultzatuz, etxebizitza
duinak bermatuz, elkartasunez, herri hezitzailearen logikan lan eginez,
baserriak eutsigarri eginez denon ekarpenaz eta gure karrikak birpentsatuz.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira.
Interneten topatuko al dugu elkar?
Ez, interneten ez
dugu elkar topatuko. Interneti esker, horretaraino iristeko gaitasuna dutenek
(ekonomikoa, orografikoa, kulturala, linguistikoa...), elkar ikusiko dute.
Baina internet, eta IKTak oro har, ezin ditugu mistizismoz ikusi, bertze
edozein tresna bezalaxe kritikoki erabiltzen ahal dira, adibidez agitprop
egiteko.
Egoera honen aurrean, borroka da …
Hautu pertsonal
bat, kolektibizatu beharrekoa, utopiarako bidean martxan jarri gaitzakeena
akaso. Jendartea eraldatu dezakeen trakzio-indarra. Bide bakarra...hori baita (kar,kar,kar).
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke.
Zergatik?
Gustu handiz Federiciren
"Mundua berriz liluratuz" eta Arendten "La libertad de ser
libres" gomendatuko ditut. Badut uste, gure eskala txikian ere, bailara
mailan beraz, ekarpen polita egin diezaguketen testuak direla, are gehiago
zerbitzu publiko eta komunitarioen balioa zein herritarron parte hartze politikoaren
beharra hain agerian utzi dituen egoera honen aitzinean. Tradizio komunitario
bat dauka Baztanek, beraz zangoa non pausatu bagenuke, orain jaso dugun sen
komunitarista hori klase kontzientziaz eta feminismoz hornitzea dagokigu,
estatu liberalaren zunbilaren zamaz askatzea beraz. Bertzalde askatasun
publikoa praktikatzeko instituzioek Baztanen batzarra eta auzolana dute izena,
herritar oro aditua, ikusia, ezagutua eta onartua izateko tokiak, eraldaketak
abiatzeko gune paregabeak beraz.