Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Saguzarrak,
Wuhaneko biosegurtasun laborategia ... Auskalo! Hala ere honen jatorria jakitea
zaila izanen da, informazio ezkutuen eta
gezurren medio.
Gerran gaude?
Gerran segitzen dugu
... Europaren gainbehera etortzen ari
zen jada, honek gauzak bizkortu bertzerik ez ditu egin.
Hala ere, gerra hau
ezin dugu birusean oinarritu, gerra klase arteko gatazkan dago, burgesiaren eta
langileriaren artean, dutenen eta ez dugunon artean.
Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?
Blokeoa eta gorrotoa erranen nuke. Alde batetik, gure
gaineko kontrol hau bortizkeri hutsa iruditzen zait, arras mugatuak gaude.
Gainera, azken albisteei erreparatuz, askatasun politikoen inguruan ez dute
aipurik ere egin. Eta bertzetik, hau hasiera bertzerik ez da, ikusteko dago
nola emango diogun buelta egoera honetan areagotzen ari den zapalkuntzari.
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Argi dago ezetz,
osasun-krisi honetan proletalgoa baita ondorioak pairatzen dituena. Herrialde
ezberdinetan ikusten den moduan, kutsatu gehiago dira errenta baxukoetakoak,
altuagoetakoak baino. Eta honetaz gain, osasun-krisia alderdi bat bertzerik ez
da, honek utziko dituen ondorio ekonomiko zein politikoen karga ere proletalgoarengan
eroriko baita, krisi guztietan gertatzen den bezala: dutenak aberatsago, ez
dugunok pobreago.
Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer
adierazten du horrek?
Lan banaketa
sexuala agerian utzi du honek eta are gehiago zaintzan.
Emakume langile
anitzek soldatapeko lanean segitu behar izan dute, bertze batzuk aldiz
bitartekoen faltan euren lana utzi behar izan dute familiaren zaintzan
jarduteko. Egoera honek hainbat familia
hilabete bukaerara iristeko gaitasun gabe utzi ditu, bertze hainbat berriz
beraien erasotzaileekin bizi dira. Ez dira atzean gelditzen ere kontraturik
gabeko etxeko langileak.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Argi ikusi da
sistema honen funtzionamendua, lan baldintzen egoera (esfortzu eta arrisku
gehieneko lantokietan lan ordu gehiago sartu beharra), enpresa txikien
beherakada, autonomoak ahulduak, langile anitz ERTE egoeran.
Guzti honetaz gain,
bertze lorpen handi bat izan du burgesiak: langileok elkar salatzea.
Poliziarekin nahikorik ez bagenu, orain bizilagunak ere ditugu. Ez dago ezer
etsigarriagorik gure artean salatzen garela ikustea baino, elkartu eta guzti
honen erruduna den burgesiaren aurka lan egin beharrean.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Baztanen bakarrik
ezinen diogu aurre egin pandemiari. Alde batetik, osasun arazoari dagokionez,
gure buruak zaintzea tokatzen da, birusarengandik babesteko behar diren
neurriak hartuz. Baina bertzaldetik, burgesiak martxan jarri duen ofentsibatik
babestu behar gara.
Horretarako,
langile antokaluntza da beharrezkoa. Langile antolakuntza, soldata-jaitsierei
aurre egiteko, kaleratzeei aurre egiteko, erasotua den emakumeari babes gune
bat eskaintzeko, etxea ordaintzeko aukerarik gabe geratzen denari alternatiba
bat eskaintzeko, ikasleei, irudikatzen diguten bizi ilun, egoista,
indibidualista, konpetitibo horren aitzinean bertze aukera bat badagoela
ikustarazteko … Burgesia mundu mailan antolatzen dela ikusirik, Baztanen hasi
arren bista haratago eramatea ere komeni zaigu, bertzela ezinezkoa izanen baita
lorpen txikietatik haratago hau dena iraultzea.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten
topatuko dugu elkar?
Nire kasuan ahal
bada behinik behin ez. Egia da, gauza batzuetan teknologiak erraztasunak
ekartzen dituela, baina hala ere ez ditu honen alde txarrei irabazten, dependentzia, kontrola … Gainera, niri ez
zait batere erosoa egiten pantaila baten bitartez konektatuak egotea, hori argi
utzi dit pandemiak.
Bertzetik, egun
bizi garen garaiotan gehiena teknologiaren eskuetan uztera behartuak gara.
Adibide ttiki bat ematearren, nire
kasuan ikaslea izanik (egoera honen aitzinetik) lan teoriko guztiak ordenadorez
egiten ditugu, baita zenbait praktika ere. Laburki erranda, gaur egungo
hezkuntza-sistemak iraultza teknologikora bultzatzen gaitu, geroko lan
erreprodukziorako.
Egoera honen aurrean, borroka da …
Ongi planteatu
beharreko zeozer. Ikusirik zer datorkigun gainera, arras garrantzitsua izanen
da borroka koordenada egokietan planteatzea. Hamarkadak, mendeak … daramatzagu
galtzen. Bada ordu pauso egokiak eta norabide egokian ematen hasteko, nahiz eta
formula magikorik ez dagoen eta denek eginen dugun huts. Baina benetako
konpromiso eta zintzotasunez planteatu beharko genituzke borrokak; erran bezala
etsaia mundu mailan antolatuta dago, erraldoia da, eta ezin dugu denbora
gehiago galdu estrategia okerrak planteatuz.
Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?
Egia errateko ez
naiz arras liburuzalea, testu motzagoekin hobekiago moldatzen naiz. Arteka hilabetekaria gomendatuko nuke, non
hilero hainbat ikuspuntu, editorial, erreportaje … idazten dituzten gai bati
eutsiz (soldata, genero zapalkuntza, kartzela …).