Xabier Ertze: "Gazte, abertzale eta ezkertiar bezala, momentu oro gerran gaude"



Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?

Saguzarrek, agintariek, enpresariek, txinatarrek, estatubatuarrek ... batek daki nork daukan errua ...

Gerran gaude?

Gazte, abertzale eta ezkertiar bezala, momentu oro gerran gaude. Gerrara ohitu gaitezke, baina gerra egon badago, klase borrokak bizirik dirau. Halako egoerek gerra egoera okertu egiten dute soilik.

Zein eragin izaten ari da, pertsonalki?

Ikasle bezala, egoera berri batera ohitu beharra: lanez goraino, klase telematikoak, autodidaktikoki ikasi beharra... Zaila izaten ari da, batez ere ez gaudelako halako egoera batera ohituta. Hala ere, ikusita langile askok bizi duten egoera ankerra, ezin naiz kexatu.

Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?

Uste dut 200 metro karratuko txaletean bizi den enpresaria ezin dela egoeraz kexatu.

Jardun esentzialek, gehienek, emakume aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?

Horrek adierazten du ze punturaino bizi garen oraindik eskema heteropatriarkatu batean finkatuta. Bai instituzioetan, baita kalean ere, lan asko dago egiteko.

Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?

Espero nuena baino gehiago ari dio eragiten egoera honek Baztani. Batez ere, Benito Menni eta zahar egoitzan, tristea da ikustea zein egoeran ari diren bertako langileak lanean, eta ze nolako arduragabekeriarekin ari diren enpresak egoera kudeatzen. Bizitza vs. Kapitala egoera bizi dugu, eta bakoitzak egin du bere hautua.

Baztanen nola egin aurre pandemiari?

Arduraz jokatuz, elkar zaintzari garrantzia handia emanez, eta, batez ere, klase batasunaren bitartez erantzunez. Langile klasea miseriara kondenatu nahi duten horiek ordaindu dezatela krisi hau.

Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu dira. Interneten topatuko al dugu elkar?

Nahiagoko nuke ezetz. Egia da egoerak bultzatuta internetaren bitartez biltzea bertzerik ez zaigula geratzen, batez ere militantzia esparruetan, eta sare sozialak ere inoiz baino gehiago erabiltzen ari ditugula. Baina espero dut hau dena bukatzean herriko plazan ere topatu ahal izango garela …

Egoera honen aurrean, borroka da …

Duela hiru urte, hauxe erran zuen Itziar Aizpuruak Gazte Akelarreko ekitaldi nagusian: “tresna bat daukagu eskuetan, ezinbesteko tresna, eta hori borroka da. Borrokak egiten du bidea, bidean egiten gara libre”. Inoiz baino gehiago, beharrezkoa dugu borroka: datorkigun krisi ekonomikoari aurre egiteko, eta, batez ere, gure herria eraikitzen jarraitzeko, behetik eta ezkerretik.

Liburu baten irakurketa gomendatuko al zeniguke. Zergatik?

Bi eleberri grafiko gomendatuko ditut. Bata Gerezi garaia, Lucio Urtubia militante anarkista nafarraren istorioa kontatzen duena, eta bestea El Otoño cubano, iraultza kubatarra kazetari atzerritar baten ikuspuntutik kontatzen duena.