Datorren ortzegunean eta ortziralean, Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareko urteko batzarra eginen da eta Baztango Udalak, kide bezala, bertan parte hartuko du. Hasieran batzarra Valladoliden egiteko zen, baina Covid19arengatik telematikoki eginen da. Batzarraren arrimuan, bertzalde, “Tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak arrisku globalen aitzinean” adierazpena adostu dute sareko kideek, Baztango Udalak abuztuko osoko bilkuran berretsi zuena.
Ortzeguneko saioa sareko kideendako izanen da, ortziralekoa berriz nahi duten guztiendako, nahiz izena emateko epea dagoeneko akitu den.
Ortzeguneko saioan tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak arrisku globalen aitzinean txostenari buruz lan-saioa izanen dute hautetsiek eta eguerdian txostena publiko eginen dute. Txostenak dio Tokian tokiko elikadura politikek funtsezko eginkizuna bete behar dutela gure komunitateak indartzeko eta, horrela, krisiei aurre egiteko; dela, adibidez, COVID-19ak eragindako krisiari, dela larrialdi klimatikoaren ondorioei.
Bertzalde, tokiko elikagai jasangarriak ekoiztea eta banatzea oinarrizko sistematzat jo behar dira hiri eta herriak hornitzeko, ur eta energia sistemen pare.
Gainerakoan, ortzeguneko saioarekin segituz, atsaldean esperientziak elkar trukatzeko aukera izanen da eta Baztango Udala “Landa Begiradak” egitasmoaz mintzatuko da, landa-eremuei buruzko imaginarioak aldarazi nahi dituen programaz, hain zuzen.
Azkenik, ortziraleko saioari buruz aipagarria da atsaldean izanen den mahai-ingurua “Tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak arrisku globalen aitzinean” gaiaz Sabine Juelicher, Europako Batzordeko Elikadura Segurtasuneko Zuzendari Nagusia, Ricard Ramón, Europako Batzordeko Nekazaritzako Unitate Burua, María Navarro González-Valerio, Trantsizio Ekologikorako ministeritzako Klima Aldaketarako Espainiako Bulegokoa eta Marta Rivera Ferrer, Klima Aldaketari Buruzko Nazioarteko Paneleko kidea eta Viceko Unibertsitateko Agroekologia eta Elikadura Sistemak Katedrako zuzendaria.