COVID-19a dela eta, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zaharren Egoitzako LAB eta ELA sindikatuek ohar bateratua atera dute langileen izenean, bizi duten egoera jendaurrean azaldu asmoz. Oharrak hitz gordinak aipatzen ditu Zaharren Egoitza kudeatzen duen IDEA enpresaren aurka eta gaiak duen interesa ikusita osoki ateratzea erabaki dugu:
2020ko martxoan, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zaharren Egoitzan azaleratu ziren enpresa pribatu batek, IDEAk, kudeatutako gizarte zerbitzu batek dituen gabezia guziak. Bertako zuzendaritzak langilea jazartzen zuen, bere etxetik zeramatzan maskaren bidez bertzeak eta norbera babestu nahi zituelako; zuzendaritzaren arabera, “ez dira beharrezkoak”, “egun osoan maskara bera eramatea kaltegarria da”, “azken finean, birusa egoitzan sartuko da”. Behar zuen lekuan egoten jakin ez duen zuzendaritza izan da: langileok geronek hartu genituen prebentzio-neurriak eta zuzendaritzak bertan behera utzi zituen. Jarrera horrek honako emaitza ekarri zuen: 16 langilek eta 76 aitatxi-amatxik positibo eman zuten. Aitatxiamatxi deitzen ditugu, guretzat hori baitira, gure aitatxi-amatxiak. Haiekin bizi gara egunez egun, haien behar emozionalak eta fisikoak asetuz.
Pandemia honek argi utzi zuen enpresarentzat bigarren mailako langileak ginela, zuzendaritzaren arabera "ez baitzarete sanitarioak", eta horrek areagotu egin du gure lanprekarietatea. Langileok ordezkatu dugu zuzendaritzaren jardunik eza eta utzikeria: oporrez gozatzeari utzi diogu, zor zitzaizkigun gehiegizko orduak hartu gabe utzi ditugu, egiteke genituen jaiegunei uko egin diegu, eta, azken finean, dena eman dugu. Sufrimendu handia eragin ziguten heriotzek, eguneroko kaosak, aitatxi-amatxiak gela batetik bertzera lekualdatu beharrak. Egun batean 23 lekualdatze egiteraino ailegatu ginen. Eta orain, lehen aldiz, enpresak iniziatiba erakutsi du, baina oraindik langile gutxiagorekin lan egin eta dagozkigun zeregin guziak gauzatu behar ditugula errateko; guztiz irreala dena.
Pandemia honen aitzineko egoera, langileei dagokienez, jada eskasa zen: beti minimoekin lan eginez. “Ratioa”ren gainetik gaudela erraten ziguten eta erraten segitzen dute, baina, zein ratioren gainetik? Akordio-markoak ezartzen duenaren gainetik? Akordio horretatik kanpo gaude, enpresak, alde bakarrez erabaki zuelako ez zela plaza horietara aurkeztuko. Plaza kontzertatu horiek Nafarroako Gobernuak eman ez zizkietela adierazi ziguten, eskatu ez zituztela erratea saihestuz.
Denbora luzez, zuzendariak "antolatzen ez genekiela" aurpegiratu digu. Enpresa honek 11 urte, ia 12, daramatza egoitza honetan eta ez du inoiz lanpostuak antolatzeaz arduratzeko asmorik izan. 8 urtean ez da funtzionamendu-protokoloa eguneratu, administrazioko langileak, txandak eta zabor-kontratuak ez dira indartu; aitzitik, petatxuak jartzen jarraitu dute beti, ahalik eta etekin handiena lortzeko helburuarekin. Orain, gutxienekoaren azpitik lan egin behar dugu; sekzio batzuetan, hurrengo urtera arte zor dizkiguten gehiegizko orduak eta jaiegunak ez hartzeko eskatu digute; eta gehiegizko orduak hartzen diren kasuetan edo bajen kasuetan, lanpostuak ez dira ordezkatzen; gainera, hainbat lanpostu finko ez dira promoziora ateratzen ari.
Urte bakar batean "3 gertakari larri" jazo dira, guztietan zuzendaritzak uko egin dio erantzukizuna bere gain hartzeari, "Langilearen errua" dela argudiatuta.
Kexu dira "langileak adin handikoak direlako" eta "baja aunitz daudelako". Hau horrela da, jakina, baina langileen batez bertzeko adina handia bada, lan-baldintzak duinak izatetik arras urrun daudelako da, eta hortaz, prestakuntza duten gazteek nahiago dutelako sektore publikora joan. Baja aunitz badaude, langileek gure gain hartzen ditugun lan-kargei (fisiko nahiz psikologikoei) erreparatu beharko zaie; zein presio eta erritmotan lan egiten dugun ikusi beharko litzateke. Baina ez, hobe ez baloratzea eta "egoitza zaharra" dela deitoratzea. Bi adibide sinple: partzialki irekitzen diren ateak eta mesanotxearen azpitik makurtuta sartu behar diren entxufeak, bizarra egiteko makinatxoa edo oheko eskara-kontrako motorra martxan paratzeko.
Enpresaren aldetik langileen eta aitatxi-amatxien baldintzekiko kezka, funtsean, hutsaren hurrengoa da. Irailean, laneko arriskuen prebentzioko enpresak egitekoa zuen bisita egunaren bezperan, azken orduan, jakinarazi ziguten prebentzio-ordezkariei. Deus prestatzeko astirik utzi gabe. Bilera hark, ez zuen 20 minutu ere iraun.
Kezka eragin zuen bakarra “20 ohatze huts” izatea da, pandemiak aitatxi-amatxiengan eragindako narriadura kontutan hartu gabe. COVID-19aren aitzinetik autonomoak zirenetako aunitz, jada ez dira hala, gaixotasunak eta behartutako konfinamenduak ondorioak utzi dizkielako. Gainera, ohiko beharrak asetzeko zainketez aparte, alor emozionaleko beharrak areagotu direnez, beraiekin denbora gehiago pasatzea behar dute. Horren ordez, lasterka gabiltza inposatutako lan guziak egin ahal izateko; baina hau ezinezkoa da, ez gara dagozkigun lan guziak egitera ailegatzen eta dirudienez, zuzendaritzari ez zaio hau inporta. Inporta zaiena, itxuraz, dena egoera perfektuan egotea da, eta ez aitatxi horrek kontsolamendua edo paseo bat ematea behar ote duen. Baina guri bai, guri inporta zaigu aitatxi-amatxi hori baldintza duinetan egotea, eta aitatxi-amatxiei ere, ematen zaien arreta eta konpainia inporta zaizkie. Zuzendaritzak lanak lehenesteko dio (modu honetan onartuz ezin direla eginbehar guziak bete), guretako berriz, denak du lehentasuna; zerbitzu integral, eraginkor, gizatiar eta solidarioa eskaini nahi baitugu.
Egoera honetan, gure lan-baldintzak izoztu egin dira, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatu egin baita; azkena 2016-2018koa da. Urtebete kosta zitzaion enpresari negoziaziomahaian esertzea, "komite berria dagoenetik 78 eskaera egin dizkidate" esaten ziguten, noski baietz, ez baikenuen inoiz gure eskaeren erantzunik jasotzen.
Azkenean, behin eta berriz errepikatzearen poderioz, enpresa negoziazio mahaira ekartzea lortu genuen, eta 2020ko otsailean, eskatu genuen guztia ukatu ziguten arrazoi ekonomikoak argudiatuz; baita alderdi sozialeko puntuetarako ere. Ekainean gai sozialen aldeko hautua egiteko eskatu ziguten, eragin ekonomikoa zuen oro baztertuko zutelako; bada, urrian proposamen sozialak aurkeztu ziren, eta hura ere ez omen zen momentu egokia. Edozein negoziazio mota 2021eko otsailera arte atzeratu digute. Otsailean ez zegoen dirurik, pandemiaren ondotik ez zegoen dirurik, datorren urtean ez da dirurik egonen. Zer egonen da? Kobratu gabe lan egitea? Murrizketa gehiago? Kaleratzeak?