Argazkia: Juan Lameirinhas
Abenduaren 24an egin den ez ohiko osoko bilkuran Baztango udalbatzak zahar etxea kudeatzeko aukera desberdinen azterketa ekonomikoa egitea onartu du. Azterketa hori da kudeaketa publikoa egitekotan legeak paratzen duen lehenengo baldintza. EH Bilduk eta Ezkerrak aurkeztutako proposamenak aipatu bi alderdien aldeko 8 bozka izan du. Geroa Bairen biek abstentziorat jo dute eta Navarra Sumako hiruek aurka bozkatu dute.
Azkeneko urteetan zerbitzu publikoak ahalik modu eraginkorrenean kudeatzeko gogoeta egiten ari da Baztango Udala. Horrela, udalaren kirol instalakuntzak kudeatzeko Giltxaurdi enpresa publikoa sortu zuen, eta orain eskoletako eraikinak eta mediku kontsultategiak garbitzeko Lixura enpresa publikoa sortzeko bidean da. Adinekoen egoitza zerbitzu publiko garrantzitsua izanik, zerbitzuaren kalitatea, arreta eredua, langileen baldintzak, bideragarritasun ekonomikoa... kontuan hartuko duen kudeaketa eredu publikoa finkatu nahi luke udalak.
Aldi berean zahar etxea berritzeko bulkaldiak segitzen du. Momentu honetan zahar etxe berriaren arreta eredua, banaketa eta eraberritze arkitektonikoa eta bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko txostena akitzen ari da udala. Halaber, 2021eko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan Elizondoko zahar etxearen berritze-proiektua idazteko 200.000 euroko dirulaguntza izenduna onartu dute.