Sareren izenean antolatu zen “Espetxea barrutik eta kanpotik” tailerrak Arizkunenea kultur etxeko sabaiaren edukiera bete zuen pasa den abenduaren 23an. Hiru gonbidatuak: Iker Araguas Iruñeako preso ohia, Xochitl Karasatorre preso baten senidea eta Mikel Mundiñano Sareko kidea, Aintzane Ariztegik aurkeztu eta bideratu zituen galdera eta gai ezberdinen inguruan solastatzen aritu ziren.
Kartzelaren barruko esperientziaz mintzatu zen lehenengo Araguas, euskal preso politikoa izateagatik pairatu behar izan zituen tortura, dispertsio eta errepresioaren inguruko hainbat xehetasunen berri emanez.
Araguasekin batera Karasatorrek ere dispertsio eta errepresioaz jardun zuen, kasu honetan kanpoan dagoen familiaren ikuspuntutik. Motxiladun umeak, Frantziar eta Espainiar estatuen arteko espetxe zigorren sinkronizazio eza eta presoaren zein haren familiaren eskubide urraketak izan ziren mintzagai.
Horrez gain, gaur egungo Covid-19ak espetxe barruko preso eta ondorioz kanpoko senide eta lagunengan eragin duen egoera ankerra azaldu zuen Karasatorrek, bere kasuan erraterako, aita konfinamendua hasi zenetik uda arte ezin izan baitzuen bisitatu. Horrez gain, familia zein lagunek espetxera bisita egin ahal izan duten bakoitzean pairatu duten kezka nabarmena adierazi zuen, birusaren egoeraren aurrean espetxek hartu dituzten neurri eta baldintza eskasak direla eta.
Karasatorre eta Araguasek Covid-19a gure artean egon eta egon ez denean ere bizi izan duten eta bizitzen jarraitzen duten kalte fisiko eta psikologikoak azpimarratu zituzten. Hala nola: familiak eta lagunek egin behar dituzten bidaiek suposatzen duten neke eta inpotentziaz, ondorio ekonomikoez eta kilometraldi luzeek dakarten arrisku eta biktimez. Dena dela, presoarekiko maitasuna eta herriarengandik jasotzen duten babesa nabarmendu zuten.
Tailerrari amaiera emateko planteatu zen azken mintzagaia estrategia aldaketa eta etorkizunaren planteamendurena izan zen. Honen harira Mundiñanok “momentua” hitza azpimarratu zuen: uneko errealitatea zein den adierazteaz gain, “momentuak zerbait mugitzen ari dela erakusten baitu”. Unean ematen ari diren aldaketa eta hurbilketez mintzatu zen, hauek inongo kontzesioak, inoren opariak ez direla garbi utziz. Jendearen borondateak eraman du bide demokratikoetara eta herri honen bake iraunkor horretara abiatzeko gauden momentuko egoerara.
Ordu eta erdi iraun zuen jardunari publikoan zeudenek planteatu zituzten bertzelako galderekin amaiera eman zitzaion. Zer pentsa eta zer sentitu eman zuen tailerrak eta honen harira eguberrien bezperan, Baztango Ernaik aurten etxean faltako diren preso eta iheslarien hutsunea agerian utzi zuten zenbait herritan haien etxeko eserleku hutsa ikusaraziz.
Bertzerik gabe, gogorarazi hurrengo egunetan mobilizazioak emanen direla. Lehena abenduaren 31n eguerdiko 12:00etan eginen da Elizondoko plazan. Bigarrenari dagokionez, aurten Covid-19 a dela eta urte hasieran Bilbo eta Baionan egin beharko ziren manifestazioak herrietara bideratu dira. Baztanen Euskal Herriko gainontzeko herri eta auzoetan bezala, urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:30etan, Elizondo eta Erratzun bilduko gara preso eta iheslarien etxeratze prozesu eta elkarbizitza eta bakearen alde. Baztanen ere bidea baikara!