Fernando Arburua: "Alde guzietatik presionatzen segitu behar dugu"



Bihar, eguerdiko 12:00etan, Elizondoko plazan eta urtarrilaren 9an, Euskal Herriko gainontzeko herri eta auzoetan bezala, arratsaldeko 17:30etan, Elizondo eta Erratzun preso eta iheslarien etxeratze prozesu eta elkarbizitza eta bakearen alde bilduko gara. Deialdi hauek bultzatzeko, Arranbelak hainbat preso ohirekin elkarrizketak burutu ditu. Gaurkoa, lehenengoa duzue, Zugarramurdiko Fernando Arburuari egina. 

Aurtengoa urte berezia izaten ari da, Covid-a dela eta. Presoekin harremanik baduzu? Nola daude/ikusten dituzu?

Nere lanagatik etab., presoen egoeraren ingurua franko ongi kontrolatzen dut. Egia erran, aurten urte berezia izaten ari da, bai presoendako eta baita gainerakoendako ere, Koronabirusaren kontu hau dela eta. Nik betiko ildoan ikusten ditut: erabaki batzuk hartu ditu kolektiboak azken urteotan eta gehiengo bat hortik jotzen du baina, bon, kolektiboa pertsonez osatua dago eta pertsona bakotxak bere zirkunstantzia pertsonal eta sozialak ditu, eta horren arabera moldatu behar dute beren kartzeletako egonaldia. Kolektiboak gaitasun handia du egoera ezberdinetara egokitzeko eta huntara ere egokitzen ari da, egoera guziz berria bada ere (erakunde armatuaren presentziarik gabe, bertzeak bertze).

Zer ari da gertatzen euskal preso politikoekin? Haietako gehienak kide izan zituen erakundeak bere jarduera bukatu eta kasik 10 urtera giltzapetuta eta salbuespen egoeran jarraitzen dute. Zergatik?

Nik uste dut analisi nahikoa egin direla honen inguruan. Garbi dago zertan ari den jokatzen espainiar estatua eta hortik joko du ahal duen neurrian. Hau da, euskal preso politikoak haien interes politikoetarako erabiltzen. Orain ematen ari diren mugimenduek (hurbilketak...) ere hortik joko lukete, nere ustez. Hunek guziak preso hauen izaera politika nabarmentzea bertzerik ez du adierazten. Azpiko mugimendu eta urratsez gain, jakina, kanpoko presioak ere badu bere garrantzia, beti bezala. Eta bi bide horiekin jokaten segitu behar dugu.

Azkenaldion hainbat mugimendu ikusten ari gara. Esanguratsuak?

Bai. Aitortu behar da bai frantziar estatuak, lehenik, eta espainiarrak gero mugimendu berriak burutzen ari direla. Ez guziz bure gustukoak, gure erreferentzia nagusia Euskal Herrian egotean kokatzen delakoz eta, segituan, askatasunean; baina urratsez urrats bidea egiten ari da mugimendua eta espero dugu horrela jarraitzea. Politika munduan edozein eszenatoki suertagarria bada ere...

Bien bitartean, gaisotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen kopurua gorantz doa. "Ikaratzeko moduko egoera" dela aipatu izan da. Nola egin aurre egoera honi?

Ez dago miraluluzko taktikarik: orain arte bezala segitu behar da, alde guzietatik presionatzen: arlo juridikoan, politikoan, mobilizazioekin... Baditugu preso andana bat urte luze daramazkitenak kartzelan, eta adin nagusikoak hauetako aunitz. Baditugu ere urte luzeko zigorrak dituztenak: ezin dugu amore eman edo etsi borroka huntan, luze jotzen badu ere. Ez dago bertze biderik. 

Urtarrilaren 9rako mobilizazio deszentralizatuak deitu ditu Sarek. Hainbat mobilizazio eta protesta burutzen dira urtean zehar... Euskal presoen kontuak ba al du gaur egun behar besteko irismen eta babes sozialik?

Nik uste baietz. Zenbat eta urrats gehiago eman, zenbat eta lorpen gehiago gauzatu mobilizazioaren bidez, orduan eta presenteago egonen da presoen gaia. Orain dela ez aunitz ezker abertzaleari pasa nahi izaten zioten presoen auzia, baina gaur egun jendarteko arlo guziak konprometituak daude: eragile politiko, sindikalak, sozialak, norbanakoak... Izan ere, jendarteari gero eta ulergaitzagoa egiten zaio gaur egun, borroka armatua ia hamar urte desaktibatua, egoera huntan segitzea. 

Kalkuluak eginak daude eta azken presoa 2057an aterako omen litzateke espainiar legediaren arabera. Noizko preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizuna?

Zaila da pronostiko bat egitea dezepzioaren arriskuan erori gabe. Noiz hori gure lanaren fruitua izanen da eta egoera politiko zehatz bati lotua. Baina ezin dugu onartu gure presoak 2057a arte gakotuak egotea: porrot ikaragarria izanen zen guziondako. Data hori baino lehen auzi politikoa ere gure alde konpondua egon beharko litzateke, eta zer erranik ez presoena!

Zer desio duzu 2021ari begira?

Bueltarik gabeko urratsak gauzatu ahal izatea guk nahi dugun norabidean.

Elkarrizketa hau irakurriko duten baztandarrei zer eskatuko zenieke eta zergatik?

Baztandarrei, xaretatarrei, malaerrekatarrei, bortzirietarrei... Ez etsitzeko presoen aldeko mobilizazio eta borrokan. Borrokak merezi duelakoz: preso bakar bat dagoen bizkitartean eta hauen borrokaren zergatiak diraueno, ezin dugu guardia jautsi; bertzela, gainetik pasako gaituzte.