Bidea Gara lelopean irten gara plazara



Sarek gaurko egunean Euskal Herriko plazetan deitutako mobilizazioei jarraikiz, Baztanen, Elizondon eta Erratzun burutu dira kontzentrazioak. Elizondon 100 pertsona inguru bildu dira eta Erratzun beste 75. Jarraian, Sareren izenean irakurri den testua pasatzen dizuegu: 

"Eskerrik asko guzti-guztioi aurtengoan ere, zailtasunak zailtasun, hemen izateagatik. Eta zorionak herriz herri hau antolatzen ibili zareten pertsona guztiei, baita hemen batu garenoi ere. Irudi ederra sortu dugu gaur Euskal Herriko luze zabalean. Bejondeigula!

Gaurko egunez, urtez urte, Bilbon elkartu gara milaka eta milaka pertsona. Aurtengoan, herritar guzti horiek gure herrietan batu gara, ezohikoa, ia ia sinestezina eta gogorra izan den 2020. urtea atzean utzi eta 2021ari hasiera emateko. Baina hemen gaude, beste urte batez, aldarri berberen baitan, La Casillarik gabe baina gure herriko plazan.

Bidea Gara lelopean irten gara kalera. Nor bere eran. Bakoitza bere ideiak soinean eta, norbere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berberaren baitan. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea.

Pozgarria da azken urte hauetan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea, elkar ulertzea, elkar entzun eta hitz egitea; aurrerapauso ugari eman dira, enpatia eta giza eskubideak oinarri. Bizipen anitzeko norbanakoen ahaleginari, alor sindikal, instituzional, sozial eta politikotik etorritako adostasun eta akordioek egin diote ekarpena. Azalean sufritu eta zauriak dituztenen ahots batzuk ere entzun ditugu, egoera hau aldatzearen alde. Elkarbizitzarako nahia agerian utzi dugu, herri gisa aurrera egiteko gogoarekin batera. Horretarako, salbuespeneko espetxe-politika behin betiko amaitzea beharrezkoa dugu, ordea. Ezinezkoa baita aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak, zigortzen dituen urruntzepolitika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu-progresioa ukatuz.

Garrantzitsuak dira konponbiderako ere Frantzian eta Espainian azken urte eta hilabeteetan eman diren aldaketak. Frantzian Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasunak itxaropen-bide berriak zabaldu ditu, fskaltzaren blokeo-jarrera hautsiz. Espainian, berriz, presoen lekualdatzeak eta gerturatzeak jarrera-aldaketa ematen ari dela erakusten du. Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori fnko bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili, baina badugulako ere ibiltzeko bidea. Gu gara horretarako bermea, gu gara bidea. 

Sei eskari ekarri nahi izan ditugu gaurkoan hona, aurrera begira ere bide honen baitan jorratu nahi ditugunak: 

1) euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.

2) euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.

3) larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.

4) adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.

5) aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola, preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.

6) Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz. 

Oinarrizko eskakizunak dira hemen bildutakoak. Elkarbizitzarako bidean ematen ari garen urratsekin batera garatu beharrekoak. Gaur beste pauso bat eman dugu marraztutako bide honetan. Gaur milaka lagun batu gara herriz herri, bizipen anitzeko pertsonak, pentsamendu ezberdinekoak, minak eta esperantzak barnebiltzen ditugunak. Baina guztiak ere, gogo eta nahi beraren baitan elkartu gara: bidean aurrera egitea. Etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egitea. Mila esker eta zorionak!"