Zahar Etxean enplegu-erregulazioko espedientea iragarri dute





Elizondoko Fco. Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek idatzi bat plazaratu dute bizi duten egoera kezkagarria zertan den azalduz. Jarraian azaltzen dizuegu:

Idatzi honen bitartez, Elizondoko Fco. Joaquin Iriarte zahar etxeko langileok, abenduaren 19an deitu genuen mobilizazioak izan zuen erantzun erraldoia eta jaso genuen babes guzia eskertu nahi ditugu. Horrelakoek, bizi ditugun egoera zail hauetan, indar berritzen gaituzte, eta garbi dago burutzen ari garen borroka hau ez dela motza izanen eta indar aunitz beharko dugula.

Ez dela motza izanen erraten dugu, elkartasun olatu honi, IDEA enpresak eman dion erantzuna ondokoa izan delako:

-Langileok eta erabiltzaileak bizi dugun eta salatu dugun egoera komunikatu baten bitartez desitxuratzea.

-Dagoeneko generatu dugun eguberrietako extra ordaindu nahi ez izan eta urtarrilatik aitzinerat hilabetez hilabete ordaintzea.
 
-Egoera ekonomiko kaxkarra kontuan hartuta egin genuen hitzarmen proposamen berriari ezezko borobila eman eta negoziatzeko inongo borondaterik erakutsi gabe proposamen apalago bat egitea exigitzea. 

-Urteetan salatu dugun langile kopuru kaxkarrari bertze behin entzungor egin eta gainera ERTE bat aurkeztuko dutela jakinaraztea.

Erran bezala, herritarren babesak indar berritu gaitu, eta IDEAren jarrera honek ez gaitu ez beldurtu ezta etsitzeko gogorik emanen ere. Hala ere, orain arte erakutsi diguzuen babesa eta elkartasuna izugarri eskertzen badugu, hemendik aitzinerat babes eta elkartasun horiek inoiz baino beharrezkoagoak izanen dira. 

Zuekin batera zaintza eta lan baldintza duinak lortuko ditugu!