Elizondoko zahar etxeko langileek deituta kontzentrazioa burutu da gaur Elizondoko plazan, jende ugariren parte hartzeaz. Bertan irakurri den testua bere osotasunean azaltzen dizuegu:
"Hemen gaude, IDEA enpresa egunetik egunera gehiago estutzen eta mehatxatzen ari zaigulako. Ulertzen ez ditugun politika jokoen txotxongilo sentitzen gara eta ez dakigu zer zentzu duen enpresak planteatu digunak. Baina batez ere hemen gaude, gai honek kezkatzen dituen baztandarrei egoeraren berri eman eta erne egon zaitezten eskatzeko. Enpresatik ezarri nahi dizkiguten neurriek, eragin handia izan dezaketela gure adinekoen zaintzazerbitzuan. Eta ez gaude hori onartzeko prest.
Joan den ortzegunean, otsailak 11, enpresak bilera batera deitu gintuen. Bilkura hortan, ERTE bat aurkeztu behar zuten, hau da, langileok langabezira bidali. Baina, hau guztiz baztertu gabe, bertze neurri batzuk aurkeztu zizkiguten; zein baino zein zentzugabeagoa.
Batere zehaztu ez zituzten neurri horiek hartuz, ERTEari ostiko bat ematen ziotela erran ziguten, baina ez zuten ziurtatzen ez zutenik etorkizun batean ERTE hori ezarriko. Beraz, izkutuko ERTE bat ezarri nahi dute, arazoari inongo soluziorik eman gabe eta etorkizuneko planteamendurik gabe.
Kontratuak ez berritu edo bajak ez ordezkatzeaz gain, mehatxatzen jarraitzen dute. Oporrak gure artean ordezkatzeko eskatzen digute; eta horrek dagokiguna baino ordu gehiago lan egitea dakar, egun gehiagoz segidan lan egitea. Lan ordu horiek ere oparitu egin beharko ditugu? Eta gure osasuna? Bajak hartzeko eskubiderik ere ez ote dugu izanen horrelako esplotazioa jasan ezkero? Bajarik ez hartzeko presionatzen gaituzte eta aldi berean langabezira bidali nahi gaituzte ERTE baten bidez. Nork uler dezake hau?
Pandemiaren hirugarren olatuan egonik zahar etxe batean ERTE bat ezarri nahi izatea guztiz onartezina da. Hemen ez dago inor soberan, alderantziz, jendea falta da. Inork ez gaitu ERTEra bidaliko. Ongi entzun dezatela beharrezkoak garela. Gure xaharrek behar gaituzte, eta beraien ondoan egonen gara.
Pandemia baino lehen konbenio kolektiborako eskatzen genituen hobekuntza guztiak ukatu zizkiguten. Orain, ez dute konbenioaz hitz egin nahi, ez dute negoziatzeko inongo borondaterik, guk eskaerak aunitz murriztu ditugun arren. Gainera, abenduko “paga extra” ez digute osorik ordaindu.
Baina ez ahaztu, enpresa honek datorren hilabetean Zizurren zahar etxe berri bat irekiko duela. Ez diegu gure langabeziarekin ordaintzen utziko.
NAZKATUAK GAUDE, HASERRE GAUDE. ASKI DA!
Enpresak eta instituzioek egoera serio har dezaten eskatzen dugu. Jokoan daudenak ez dira gure lan baldintzak bakarrik, arriskuan dago gure adinekoei arreta pertsonalizatu eta profesional bat ematea, denok merezi dugun zaintza duin bat.
Hortaz, Baztango gizarte osoari dei egiten diogu egoera honekin behingoz akitzeko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera.
Elkarrekin lortuko dugu!"