Lizarrietan elkarretaratzea

 




Urtarrilaren 14ean Gobernu frantsesak Euskal Herriko zortzi pasabide itxi zituenetik ugariak izan dira herritarren protestak eta datozen egunetan ere izango dira mobilizazioak.

EH Bildu eta EH Bai alderdiek elkarretaratzea antolatu dute Lizarrietan, Etxalar eta Sara artean dagoen pasabidean, otsailaren 14an eguerdiko 12.00etan, ‘Euskal Herrian mugarik ez!’ lemapean.

Bestalde, sinadura bilketa bat ere abiatu dute alderdi abertzaleek «pasabideak berriz irekitzea eta dispositibo militar eta poliziala altxatzea exigitzeko».

EH Bilduk eta EH Baik argitaratu duten oharrean diotenez, «zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiagoa sentitzen dugu nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko. Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifizialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko».

Alderdi abertzaleek osasun krisi baten erdian ezarritako lehentasunak zein diren ere gaitzetsi dute: «Orotara 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako. Ez zaigu logikoa iruditzen, COVID garai honetan, hainbeste indar polizial eta militar erabiltzea erizainak eta medikuak behar ditugularik».

Mugen itxierak lekuko herritarren artean duen eragina ere nabarmendu dute EH Bildu eta EH Baik. «Euskal herritarren arteko harreman naturala, familiarra, afektiboa, kulturala, soziala, ekonomikoa, etab... eten egiten dizkigute inposaketaren bitartez», adierazi dute, eta horren aurrean, antolatu diren ekimenetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.