Aroztegiaren aurkako mobilizazioak

 


Aroztegiaren aurkako plataformak segidan aipatzen dizuegun irakurketa burutu du eta deialdi zuzena egin bidenabar, apirilaren 16an hasita akanpada bat burutzeko. Horrekin batera, beste hainbat mobilizazio deitu ditu:

"Krisi sozio-klimatikoa denen ahotan dagoen honetan, Nafarroako Gobernua egoera hori gelditzeko lanetan aritu beharrean, diru eta baliabide publikoak lurra suntsitzeko erabiltzen ari da. Honek ez dio gure lurra eta paisaiari bakarrik eragiten; bailarari lotuta bizi den herri baten ohiturak eta bizimodua desegin nahi dute. Bertze hainbat arlotan ere eragina agerikoa izanen litzateke. Adibidez: hizkuntzan, nekazaritzan, etxebizitzan, eta nola ez, gure baliabide naturaletan ere nabarituko zen.

Proiektu honek, 350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen du. Ez dezagun atzendu Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direla. Beraz, parke tematikoaren itxura eman dioten proiektu honek herri baten desagerpena ekarriko du. Egoeraren larritasuna agerikoa da, ez baita halako proiektu bat martxan jartzen duten lehendabiziko aldia. Bistakoa da turismoaren izenean espainiar eta frantziar Estatuen menpe gauden herrien desertifikazioa. Bertze behin, espainiar eta frantziar Estatuen izaera kolonialista agerian gelditu da.

Nafarroako Gobernuak Aroztegiako proiektua UGEP (Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana) bezala bideratu du. Modu honetan, Baztango Udalari erabakitzeko eskumena ebatsiz eta bereak dituen lurrak eta baliabide komunalak, enpresa pribatu bati ematea ahalbidetuz. Baztango lur publikoak ez dira kaltetu bakarrak, bertako nekazariek ere beren lurrak galdu dituzte.

Berriz ere, botere instituzionala erabiltzen ari dira herritarrak babestu beharrean, proiektu hau indarrez inposatzeko. Urteak daramazkigu herri bezala proiektu honen kontra gaudela adierazten eta ez gaituzte entzun nahi. Honen aitzinean, Nafarroako Gobernuari eta bera babesten duten alderdi guztiei, zilegitasun sozialik ez duen UGEP hau geratzeko eskatzen diegu.

Ez dezagun atzendu gobernuaren betebeharra dela herriaren hitza errespetatzea. Nafarroako Gobernuak bere eginkizuna betetzen ez duenez, gure esku dagoen guztia eginen dugu proiektu hau gelditzeko. Egoera honi aitzin egiteko, hurrengo egun eta asteetan, covid-ak eskatzen dituen neurriak errespetatuz, ondoko mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu:

Apirilaren 16an 15:30ean Lekarozko Plazan elkartuko gara, Aroztegiako eremuan akanpada bat egiteko.

Apirilaren 17an arratsaldeko 17:00etan Lekarozko Plazan elkarretaratzea.

Maiatzaren 15ean arratsaldeko 17:30ean Manifestazioa Elizondoko Plazatik.

Herritarrek eskaintzen ahal duten laguntza guztia eskertuko dugu".