Pasa de larunbatean, apirilaren 17an, Euskal Herriko Oinherri egitasmo pedagogikoaren barnean dagoen Kerizu Beretik-ek eta Baztango Udalak jardunaldia deitu zuten, gure herrietako parkeen inguruan birpentsatzeko.
2020an sinatu zuen Baztanek Oinherrirekin hitzarmena herri hezitzaileen filosofia eta printzipioak bertan sustatzeko: haurren kultura dela, euskara, aisia, feminismoa, naturarekiko harreman osasungarriak, zaintza edo espazioen bizigarritasuna. Baztango hainbat ikastetxek eta herrik haur parkeak zahar berritzeko eskaerak agertu dituzte denbora honetan eta gai honi buruz hausnartzeko bildu ziren atzokoan.
Atzoko jardunaldian, Kerizu Beretik-en (Baztan hezitzailearen aldeko ekimena) orain arteko ibilbidea azaldu zuen Nora Salbotx Amaiurko Herri Eskolako zuzendariak; Oinherri zer den eta haurren kulturaren eta herri hezitzailearen baloreak azaldu zituen Maite Azpiazu azpeitiarrak eta Oinherriko langileak; eta parke hezitzaileen nolakotasunaz aritu zen Txusma Azkona, Lizarran Plista plasta familia gunearen arduradun dena.
40 lagunetik goiti bildu ziren Arizkunenean, Baztango herrietatik etorriak. Gogo handia ikusi zela eta, aitzinerakoan lan taldeak osatuko dira tokian tokiko proiektuak garatzeko.
Baztango ikastetxe guztiak elkarlanean ari dira herri hezitzailearen ekimenean eta antolatzaileek aipatu dutenez auzolana ardatz duten proiektuak abiatuko dira etorkizunean.
Kerizu Beretik ekimena 2015ean sortu zen Baztanen, Joxe Marei Agirretxe ("Porrotx") eta Joxe Mari Auzmendiren (Hik Hasi ekimen pedagokiaren sortzaile eta bultzatzaileetarikoa; iaz zendu zen) gonbidapena jarraikiz. Kantu jira, baratze hezitzailea eta bertze ekimen txiki zenbait eginak ditu eta orain indar berrituta dator.