Elizondoko Zahar Etxeko langileek elkarretaratzea burutu dute duela bi urte baino gehiagotik hona etenda dagoen konbenioa negoziatzeko eskatuz enpresari. Irakurketa hau egin dute bertan:
"Bi urte baino gehiago daramatzagu gure lan-baldintzak hobetu gabe, gure azken hitzarmena 2018an amaitu zenetik. Nahiz eta enpresari behin eta berriz eskatu diogun hitzarmen berri bat negoziatzeko, enpresak beti uko egin dio negoziatzeari, egoera ekonomiko txarra argudiatuta. Gure enpresarentzat, IDEA INNOVACIÓN, inoiz ez da gure lan-baldintzak hobetzeko unea, ez orain pandemiagatik, ez lehen pandemiarik gabe. Hala ere, hori ez da oztopo izan gure enpresak, IDEA INNOVACIÓN, 2014tik irabaziak izan ditzan eta Zizurreko Bidealde bezalako egoitza berriak ireki ditzan. Aski da gezurrekin!
Elizondoko zaharren egoitzako langileok erabaki dugu badela hitzarmen duin bat izateko garaia. Hilabeteetan zehar erakutsi dugu gure sakrifizioa egiteko gaitasuna, gure osasuna eta gure senitartekoena jokoan jarriz. Gure lanalditik kanpo hainbat ordu egitera behartu gaituzte. Esentzialak ginelako, erraten ziguten. Bada, funtsezkoa izateak lan-baldintza onak izatea ere erran nahi du, lan aitortua izatea.
Borroka areagotuko dugu datozen asteetan, hitzarmen duin bat lortu arte. Gaur, apirilak 26, elkarretaratzea egin dugu egoitzaren aurrean, hitzarmen berri bat eskatzeko, eta asteartero eta ostegunero egingo dugu, 11:00etatik 11:30era. Datozen egunetan enpresak uko egiten badio eseri eta hitzarmen berri bat negoziatzeari, oso egoera zaila aurreikusten dugu datozen asteetan, inolako borroka molderik baztertu gabe, ezta greba ere.
Egoera horretara ez iristeko soilik enpresaren erantzukizuna izango da. Bi urte baino gehiagoren ondoren, langileok ezin dugu egoera bidegabe hori jasaten jarraitu, eta ez dugu hori jasaten jarraitu nahi. Ez dugu merezi, ezta egoiliarrentzako zerbitzua ere, murrizketa berriei esker zerbitzua pixkanaka okerrera egin nahi dela ikusten baitugu. Lan baldintza duinak defendatzea gure adinekoentzako kalitatezko zaintza zerbitzua defendatzea da. Langile garen aldetik, gure adinekoei eman diezaiekegun laguntzarik onena zaintzaileentzako lan baldintza onak defendatzea da. Hitzarmen duin bat nahi dugu eta orain nahi dugu. Kalitatezko zerbitzua gure adinekoentzat orain".