Aroztak Herri Ekimenak akanpada amaitzeko erabakia hartu du, segidan azaltzen den agerraldian emandako argudioen arabera:
"Hamaika egun egon gara Aroztegian gure lurra defenditzeko antolatutako kanpaldian. Hamaika egun hauetan gure ingurua xehatzeko helburua zuten horiek gelditu ditugu, makinen aitzinean paratuz gure gorputzak. Elkarri helduta egin diogu aurre, egunero mehatxatzera etorri zaizkigun kolore ezberdinetako indar errepresiboei. Hamaika izan dira kanpalditik kanpo lanean aritu diren lagunak ere. Elkartasun olatu batek babesa eta indarra eman digu, Lekarozko herritik hasita, Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatuz. Saretzeko eta gure borroka indartzeko balio duten harremanak sendotu ditugu, gure helburua den txikizio hau gelditzen ari garen bitartean. Elkar zaindu dugu lurra zaindu dugun bitartean, argi baitugu helburua bezain garrantzitsua dela bidea.
Joan den ortziralean eraman zituzten Aroztegia eremutik hondeamakinak eta borroka luze honetan ospatzeko moduko garaipena izan da. Hala ere, ez dugu atzendu behar helburua Udalez Gaindiko Eragina duen Plan (UGEP) hau bertan behera gelditzea dela eta ez dugula etsiko hori lortu artio. Nafarroako Gobernua, Palacio de Arozteguia S.L eta bere konplize den TEX enpresari argiki adierazi diegu hemen herriak agintzen duela eta heldu dena heldu dela, inposizio honen aitzinean beti edukiko gaituztela parean.
TEXek alde egin duela ikusita, gure kanpalekua altxatzea erabaki dugu, gure indarrak maiatzaren 15ean Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioari indarra emateko helburuarekin. Ez gara zozoak, badakigu proiektu honen bulkatzaileak ez direla horretan geldituko, baina jakin behar dute gu ere prest gaudela behar den guztietan itzultzeko. Txikizio honekin segitzeko tentazioa edukiz gero, itzuliko gara, eta berriz ere geldituko ditugu.
Afera honetan diru gose aseezina duten kapitalista hauek baino ardura handiagoa dute Nafarroako Gobernuak eta bera babesten duten alderdi politiko guztiek. Inposizio hau ez delakoz posible eroskerian eta ustelkerian oinarritutako sistema bat onartzen duten eta horren parte diren ordezkari politikorik gabe. Horregatik, berriz ere Nafarroako Gobernuari zein - modu zuzenean edo zeharka- hura babesten duten alderdi guztiei, UGEP hau bertan behera uztea beren lehentasuna bihurtu dezaten eskatzen diegu. Hortik aparte egiten diren eskaera guztiak itxurakeria eta zurikeria bertzerik ez dira.
Eskerrak eman nahi dizkiegu borroka honetan modu zuzenean zein zeharka parte hartu duten guztiei. Etorkizunean ere elkarrekin bidea eginen dugun ilusioa dugu. Aroztegiaren aldeko borroka bizitzaren aldeko borroka denez, guztiak gara beharrezkoak".
Akanpada amaitzearekin batera, deialdia luzatu du Herri Ekimenak heldu den maiatzaren 15erako Elizondon deitu duten manifestazioan parte hartzera. "Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu!" lelopean, 17.30etan abiatuko da, Elizondoko plazatik.
Beste deialdi bat ere badugu gogoan, maiatzaren 1erako, Lakarozko plazan, 18.00etan, bertso musikatuak izango baitira Porrotx eta Txapasekin, irri, kantu eta irrintziekin. Olaia Intziartek gainera, kontzertua eskainiko du.
Bukatzeko, kanpaldian zeudenei elkartasuna adierazteko, Aroztegiko inguruetan barrena bi ibilbide prestatu zituzten (laburra eta luzea), inguruaz gozatu bidenabar, aldarrikapen gisa itzuli bat ematera animatuz jendea. Akanpadak oraingoz ateak itxi baditu ere, ibilbideek hor segitzen dute aukeran, inor interesaturik balego inguru hauek hobeki ezagutzeko.