Riechmann "soiltasunaren indar eraldatzaileaz"




Jorge Riechmann filosofoa Baztanen izan zen larunbatean, klima larrialdi eta krisi ekosozial aldi honetan beharrezkoak diren balioei buruz solastatzeko. Solasbide nagusia soiltasuna izan zuen, nahikotasuna, aski izatearen zentzua; eta, hori, ez norberaren koherentzia neurtzeko edo ardura kolektiboak eta politikoak gainetik kentzeko, oinarri kultural berri bezala baizik; bideragarria izanen den jendarte-eredua eraikitzeko zutabe-moral gisa.

Mintzaldiak jendearen interesa piztu zuen eta hasieran Elizondoko Arizkunenean egitekoa bazen ere, aforoa handitu ahal izateko Iruritako gizarte bilgunerat leku aldatu behar izan zuten.

Mintzaldiaren ardatzak nahikotasuna, oparotasuna, joritasuna eta eskasia izan ziren, eta horren gainean zuzena eta bidezkoa izanen den bizitza nola eraiki daitekeen gogoetatu zuen lurra xehatu gabe, gainerako lurraldeak eta gorputzak arpilatu gabe, eta geroa irentsi gabe. Zeren sistema kapitalistaren gero eta gehiago eduki nahi izatearen logika kulturalarekin, mundua konponbide zaileko alderdi aunitz dituen krisia bizitzen ari baita.

Solasaldia Energia Onak eta Hazitik Hoziek antolatu zuten eta Baztango Udalaren laguntza izan zuen.

Oharra: Jarraian Riechmanni egindako elkarrizketa bat berreskuratu dugu, 2013an Arranbelan bertan eskaini genuena, bere pentsamenduaren ardatz nagusien nondik norakoak hobe ulertzeko lagungarri delakoan.