Elizondoko Zahar Etxeko langileek borrokaldia abiaraziko dute beren eskubideak aldarrikatuz eta horren harira egindako agerraldiaren mamia helerazten dizuegu:
"Zahar egoitza kudeatzen duen IDEA INNOVACIÓN enpres1ak grebara jotzea beste aukerarik ez digu utzi, gure adinekoentzako kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak defendatzeko. Ez dute ezertarako balio izan enpresarekin akordio bat lortzeko egin ditugun saiakerek, gure proposamen ezberdinek. IDEA INNOVACION enpresak uko egiten dio langileekin negoziatzeari. Baztertuak sentitzen gara. Egoera honen aurrean, langileok ezin dugu beste alde batera begiratu.
IDEA INNOVACIÓN enpresak ez du betetzen indarrean dugun hitzarmena, eta alde bakarreko neurriak hartzen ditu, hala nola aparteko ordainsariak zatika ordaintzea. Bi urte eta erdi daramatza hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzeari uko egiten, eta langileek izoztuta ditugu gure lan-baldintzak 2018tik. Bajak betetzeko orduan murrizketak egiten ari da pertsonalean, eta bajak nabarmen igotzen ari dira, pairatzen ari garen estres eta antsietate handiagatik. Azken batean, arriskuan jartzen ari dira gure adinekoentzako zerbitzuaren kalitatea.
Enpresa harroa da, eta mundu guztiari egozten dio errua, langileei, udalari, koronabirusari... eta, aitzitik, ez ditu bere gain hartzen bere erantzukizunak eta erabakiak. Enpresak uko egin zion 2019an hitzarmen kolektiboa negoziatzeari, enpresak 2014tik irabaziak lortu arren. Enpresak gaizki kudeatu du eta uko egin dio diru-sarrera handiagoak lortzeari. Joan den astean Lan Ikuskaritzak gogor estutu zuen enpresa, langileen ordezkariei laneko osasunari eta segurtasunari buruzko informazioa emateko betebeharra ez betetzeagatik. Enpresak ez du ahaleginik txikiena ere egiten langileengana hurbiltzeko.
Hori dela eta, langileok grebara joango gara maiatzaren 18, 20, 25 eta 27an eta ekainaren 8, 10, 15 eta 17an. Guztira, 8 greba egun. Gainera, mobilizazio ezberdinak antolatuko ditugu lantokian zein herrian.
Azkenik, erabiltzaileek, senitartekoek eta Baztango gizarteak emandako babesa eskertu nahi dugu, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko eta laguntzeko eskatzen jarraitu nahi dugu.
Ziur gaude gaurko borrokak biharko kalitatezko zaintza-zerbitzua ekarriko duela, murrizketarik gabe. Eta konbentzimendu horrekin ekingo diogu borrokaren fase berri honi".