Sare mugimenduak deituta, irailaren 29tik urriaren 2ra, ibilaldi batek Nafarroa zeharkatuko du presoak etxeratzeko prozesuari bultzada emateko asmoz. Hemen duzue deialdiarekin batera bertan parte hartzeko egin duten irakurketa:
"Presoak etxeratzeko prozesua ezinbesteko ekarpena dela ulertzen dugu bizikidetza demokratikoaren esparru bat sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko.
352 kilometroko ibilaldia izango da, 350.000 pauso inguru, milaka nafarren oinek emango dituztenak guztiontzat bakea eta askatasuna dakartzan helmugarantz aurrera egiteko helburuarekin. Ibiltzea, behingoagatik, ez ezertatik ez inorengandik ihes egiteko, elkartzeko baizik. Beharbada inork erreparatu ez badio ere, zer pentsatu ematen du Lesaka eta Berriozar izateak, hain zuzen ere, ibilaldi honen hasiera eta bukaera. Batetik, Lesaka, hurbil dituena mugaren pasabideak, nafarren hainbat belaunaldik, sufrimendutik ihesi, gurutzatu eta gurutzatzen lagundu behar izan dituztenak (gogoan dugu Comète Sarea, nazismotik ihesi zihoazenei lagundu ziena); bestetik, Berriozar, Ezkaba mendiaren oinetan, asmo bakarra aske bizitzea zuten ehunka presoren heriotza ekarri zuen ihesaldi tragikoaren lekukoa 1938an. Etxera itzultzeko ideia erabat ezinezkoa zen orduan.
Baina orain, aldiz, iritsi da gure ustez une historiko hori, presoek espetxea atzean utzi eta etxera itzultzeko prozesuari ekitekoa. Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa iritsi da. Baina, salbuespen politika da nagusi oraindik, eta ez da legea modu proaktiboan aplikatzen behin betiko konponbideari begira.
Urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko. Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko.
Baina bidean gaude, martxan gaude. Eta horren adierazle da preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea aldarrikatzeko herrialde osoan pixkanaka hedatzen ari garen sarea, herriz-herri, auzoz auzo antolatzen ari dena. Horrek eman digu Nafarroako Itzulia bezalako ekimen esanguratsu bat aurrera eramateko indarra. Goian aipatu bezala ekimen ibiltari honek 352km izanen ditu eta irailaren 29-tik urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuko du. 74 herri eta auzo, zenbait eragilerekin batera izanen dira erronka hau aurrera eramanen dutenak, 5km-tako 74 errelebo, 72 orduz atsedenik gabe, urratsez urrats, ibilian-ibilian Bortziri, Malerreka, Basaburua-Imotz, Sakana, Lizarraldea, Goi Erribera, Tafalla aldea, Izagaondoa, Agoitz, Artzibar, Aezkoa, Erroibar, Esteribar eta Iruñerria eskualdeak zeharkatuz.
Hortaz, ekimen honetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu gaur hemen bildu garen herri, auzo zein eragile ezberdinetako ordezkariok. Batetik irailaren 29tik urriaren 2ra Itzulian parte hartzeko gonbidapena luzatuz, eta bestetik urriaren 2an, arratsaldeko 17:00tan “Cuatro Vientosetik” Berriozarrera, Itzuliko azken puskarako herrialde mailako manifestaziora deituz. Itzulia Berriozarrera iristean ekitaldia izanen da eta bertan dantzariak, abeslariak, bideo proiekzioak eta hitzartzeak izanen dira ekimenari amaiera emateko.
Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu. Ezinbestekoa da, beraz, Nafarroako gizartearen nahia kalean ikusgai jartzea eta eraginkorra izatea. Ezinbestekoa da Nafarroako errepideak bakearen eta askatasunaren aldeko ibiltariz betetzea. Dudarik gabe, Lesaka eta Berriozar arteko ibilaldia mugarri bat izango da etorkizunerako".
Baztango kilometroei dagokionez, irailak 29, asteazkena, 19.30etan hitzordua deitua dago 19.30etan, Elizondoko Gaztetxean, 21.00etan Igantzitik pasako den txandan parte hartzeko.