Klimaren aldaketak nolako Baztan ekarriko du?






Baztango Talde Ekosozialak agerraldia egin du jarraian aipatzen diren irakurketa eta hitzaldirako deialdia zabaltzeko asmoz:

"22-24 Baztango Talde Ekosozialak, irailaren 24-an Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Greba eguna dela eta iraileko hirugarren aste horretan ondoko ekitaldiak antolatu ditu: Batetik, irailaren 22-an, asteazkena, arratsaldeko 19:30etan, Peio Oria, Nafarroako AEMETeko arduradunaren hitzaldia, Elizondoko Arizkunenea kultur-etxean. Mintzaldia euskaraz izanen da.

Bertzetik, irailaren 24-an, ortzilera, arratsaldeko 19:30-etan, bizikleta martxa Elizondoko karriketan barrena. Ukaezina baita klima aldaketa gizakiak eragin duen fenomeno bat dela. Munduko batezbesteko tenperatura igo da eta argitaratu diren azken datuen arabera (IPCCren txostena, esaterako), munduko tenperaturen batezbestekoa gradu eta erdi igo ezkero, gizakiarentzat ezinezkoa izanen litzateke bizirik irautea munduko toki gehienetan.

Azken urtean horren lekuko izan dira hainbat gertakari: 

-Basamortuen handitzea: Espainiako lurren %75-a desertifikazioa jasateko arriskuan dago.

-Tenperaturaren gorakada: Kanadan aurten 49.5 ⁰Cetara heldu dira, mundu mailan aldi aurre-industrialetik 1,1⁰C batezbertze bakarrik igota.

-Ozeanoen gorakada eta azidifikatzea: Azken 26 urtetan 3,27 cm igo da.

-Permafrostaren desizoztea: Siberiako Norilsk hiriko erregai tankearen istripua lur izoztua urtzean, Norvegiako lurren irristatzeak eragindako istripua, etab.

-Ekosistemen galera: Mundu mailako zuhaitzen %30 galtzeko arriskuan dago eta munduko basoen erdia galdu da, bertako bizidun guztiekin batera.

-Idorteek eragindako uzta txarrak eta goseteak: Munduko populazioaren %30-ek ez du jateko aski izan azken urtean.

-Ur eskasia: Munduko populazioaren %40-ari eragiten dio, horrek sortzen dituen gerra eta migrazio uholdeekin.

-Hurakan, zikloi eta uholdeen ugaritzea: 2021-ean Belgikan eta AEB-etan gertaturikoak adibidez. Fenomeno mota hauek oro har 1970-etik bost aldiz ugariagoak dira eta zazpi aldiz kalte gehiago eragiten dute.

-Suteen ugaritzea: adibidez 2021-ean Kanadan, Turkian, Grezian edo Siberian, edo 2020-an Australian.

Bizitza posible egiten duen munduaren desagerpena eragiten ari gara. Klima aldaketa munduan hainbat izaki bizidunen desagerpenaren eragileetako bat da, seigarren desagerpen edo iraungitze handia deitzen zaionarena. Ondorioz, gure jendarte ereduak gizakia bera ere desagertzeko arriskuan paratu du. Hau ez da aniztasunaren aldeko aldarri soila, gizakiak bizirik irauteko (goseteei aurre egiteko, ur baliabideak mantentzeko, inguruak klima aldaketaren aurrean eta desertifikazioaren aurrean indartsuago mantentzeko…) beharrezko baititu gainerako espezieak ere.  (Iturriak: BBC, Greenpeace eta Euronews-en web orriak).

Hala ere, denok ez ditugu ardura berak, ez nazioarte mailan herrialde gisara, ezta jendarte barnean klase sozial mailan ere. Mendebaldeko herrialdeei dagokigu lehenik ekonomiak des-haztea eta duguna ongi birbanatzea. Horregatik, ezinbertzekoa da klima aldaketak dakarren mundu berri honetan justizia soziala funtsezko afera izatea.

Berandu da gauzak astiro egiteko, trantsizio geldoak burutzeko, edo gai honekin negozio bide berrietan pentsatzeko. Benetako neurriak hartu beharrean gaude eta lehenbailehen, biziraun nahi badugu eta ondorengoei planeta bizigarri bat utzi nahi badiegu.

Horretarako, ezinbertzekoa da des-hazkundea edo hautaturiko soiltasuna, etengabeko hazkunde ekonomikoak eta ondasunen pilaketak ez dakartelako beraiekin ongizatea edo bizitza hobe bat, gizakiaren eta munduaren heriotza baitakarte. Bizitza erdigunean jarri eta munduan ditugun biosferaren mugen barnean ibili behar dugu, duguna justuki birbanatuz.

Gai hauen inguruan informatzeko, gogoetatzeko eta elkartzeko antolatu dira lehen aipatutako ekitaldiak. 
Erran bezala, Peio Oria Nafarroako AEMET-eko arduradunaren solasaldia izanen da “Klima aldaketaren eragina Baztanen” izenburuarekin. Bertan azalduko ditu ikertzaileek aurkeztu dituzten azken emaitzak, etorkizuneko eskenatokiak eta jorratu beharreko bideak.

Bertzalde, irailaren 24ko bizikleta martxan “Sistema aldatu, ez klima. Aldaketa klimatikoa, justizia eta justizia soziala” lelopean, Elizondoko karrikak zeharkatuko dira arratsaldeko 19:30etatik Elizondoko Udaletxeko plazatik hasita.

Honenbertzez, ekitaldi benetan interesgarri eta aberasgarriak izanen direlakoan, denei luzatzen dizuegu gonbita; eta ez atzendu ortziralean bizikleta ekartzea".