Erdizeko herri galdeketarako galdera adostu da



Urriaren 1ean egin zen Baztango Batzar Nagusiak Erdizeko herri-lurretan egin nahi den meategi proiektuaz galdeketa egiteko galdera erabaki zuen: Magnak Erdizeko herri-bazkalekuan egin nahi duen meategi-egitasmoaren alde BAI, EZ, ZURIA.

Galdera erabakitzeaz gain, galdeketa toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen Foru Legearen arabera egitea adostu zuten batzarkideek. Horrela, aipatu legearen arabera galdeketa egiteko eskubidea dutenak udaletxeko udalbatza edo herritarrak eskari bidez izanik, Batzar Nagusiak erabaki zuen udaletxeko udalbatzari galdeketa antolatzeko eskatzea.

Proposamenaren alde 24 batzarkidek bozkatu zuten. Navarra Sumako hiru ordezkariek aurka bozktu zuten eta erabakia trabatzen saiatu ziren, erranez Batzar Nagusiak horretarako ahalmenik ez duela. Almandozko eta Zigako alkateak, bertzalde, abstenitu ziren.

Herri galdeketari buruzko bidea apirilaren 6ko bilkuran hasi zuen Batzar Nagusiak, horretarako batzordea osatuz.

Baztango Batzar Nagusiarendako interes bizikoa da baztandarren ondasunak baliatuko lituzkeen egitasmoa baztandarren borondateari kasu eginez bideratzea, horretarako, eztabaida publiko eta gardenaz gain herri-galdeketa loteslea egitea beharrezkoa ikusten du.