Gaurko egunean, ustez Aroztegiko proiektua gelditzeagatik, epailearen aitzinean deklaratzera deitutako herritarrei babesa eta elkartasuna erakusteko elkarretaratzea burutu da Nafarroako Auzitegiaren aitzinean (Ahotsaken bideoa duzue ikusgai) .
Pasa den igandean, hainbat herritarrek errepresioa salatzeko eta deklaratzera deitutakoei babesa eskaintzeko agerraldia egin zuten Lekarozen eta bertan jarraian azaltzen dizuegun zabaldu irakurketa egin zuten:
"TEX eta Palacio de Arozteguia, S.L. bezalako enpresa espekulatzaile eta suntsitzaileen menpe dauden gobernu eta epaitegiek, sei herritar deitu dituzte deklaratzera, baina proiektu hau herri oso batek gelditu du, ez sei pertsonek. Beraz epaiketa hau herri oso baten kontrako eraso bezala hartzen dugu. Banakako arduraz mozorrotu nahi dutena, kolektiboki erantzuteko prest gaude.
Onartezina da baliabide publikoak herritarren borondatea defendatzeko erabili beharrean lurra eta ingurua xehatzen ari direnen beharretara erabiltzea. Enpresa espekulatzaileen galerak diru publikoarekin estaltzen diren bitartean, herri lurrak eta nekazal lurrak defendatzen dituztenei errepresio ekonomikoa ezarri nahi zaie.
Aldi berean, Nafarroako Gobernuari eta bera babesten duten alderdi guztiei erantzukizun politikoa hartzeko garaia dela erran nahi diegu. Gatazka honek irtenbide politiko erraza du: proiektu hau betiko geldiaraztea. Nafarroako Gobernutik behin eta berriz inposatu nahi izan da proiektu hau herritarren borondatearen kontra. Behin eta berriz eskatu zaie herritarren hitza entzun eta proiektua geldiaraztea.
Azkenengo aldia joan den irailean izan zen: talde parlamentario ezberdinekin bildu eta gure eskaera helarazi arren, isiltasun konplizea bertzerik ez dugu entzun. Ez gara aspertuko erranez proiektu hau gelditu behar dela eta beren burua herritarren ordezkaritzat dituzten horiei dagokiela lan hori. Hori gertatu bitartean, auzolanean eta borrokan segituko dugu. Borroka hau ez delakoz sei lagunen artean eramandakoa, ezta sei lagun epaitegietara eramanez geldituko. Borroka hau bizitzaren aldeko borroka da, herri honek bizirik irauten duen bitartean iraunen duena. Hortaz, Aroztegiko parajeak aurtengo udaberrian ere bizirik segituko du, berriz ere loratuko dira Baztango bazterrak.
Irakurketa hau hainbat kolektibo eta herrik babestu zuten:
- Baztango Gaztetxea
- Iñarrosi Neska* Gazte Taldea
- Ikama Lekaroz
- Burrunba Morea
- Baztango Talde Feminista
- Plazara Dantzara
- Ernai Baztan
- GKS Mendialdea
- Baztango Sortu
- Baztango EH Bildu
- Baztango Ezkerra
- Baztan-Bidasoako Pentsionistak
- (H)ilbeltza
- Jo ala Jo
- Zapatllera Musikazale Elkartea
- Baztandarren Biltzarra
- Baztango Zaporeak
- Baztango Talde Ekosoziala
- Erdiz Bizirik - Aroztak
- Milotxuri Bizirik
- BRT
- Laxoa Elkartea
- Amaiurko Herria
- Anizko Herria
- Arizkungo Herria
- Arraiozko alkatetza taldea
- Azpilkuetako Herria
- Berroetako Herria
- Elizondoko Herria
- Erratzuko alkatetza taldea
- Iruritako Herria
- Lekarozko Herria
- Oronozko Herria
- Zigako Herria