Auzitegi Nagusiak dio Aroztegiko obrak ilegalak direla




Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko obren esleipenari buruz epaia plazaratu du eta, bertan, ez du ontzat ematen Palacio de Arozteguiako konpentsazio batzordeak TEX enpresari urbanizazio lanak hasteko egindako esleipena eta, ondorioz, 2021eko maiatzean hasi zituzten lanak baliogabetu dituzte.

Baztango Udalak adierazi duenez, «afera aski garrantzitsua da, Palacio de Arozteguiak urbanizazio lanak hasi zituelarik, ordurako Nafarroako Auzitegi Nagusiak esleipena baliogabea zela erran baitzuen. Auzitegiak Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiaren ebazpena berretsi zuen, LAB sindikatuari arrazoia eman baitzion baldintzen agiriaren kontrako errekurtsoa aurkeztean».

Izan ere, 2021eko maiatzean, Aroztegiko lanak hasi zirelarik, «herritarrek eta Baztango Udalak behin eta berriz erran zuten obrak egin ahal izateko esleipena baliogabea zela, hau da, obren hasiera legez kontrakoa zela». Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta Auzitegi Nagusiari «legezkotasun printzipioa betearazteko» eskatu zioten. «Baina inork ez zuen kasurik egin, Palacio de Arozteguiak epaiari kasazio-errekurtso bat aurkeztu ziola argudiatuz».

Orain ezagutu den Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak herritarrei eta Baztango erakundeei arrazoia eman die: Aroztegiko lanak baliogabea zen esleipenarekin hasi zituzten.

Kontuan hartu behar da obrak hasi zirelarik hainbat mobilizazio izan zela eta, Aroztegiako parajeetan egon zen desobedientzia ekinaldietan ustez parte hartzeagatik, sei herritarrek epailearen aitzinean deklaratu behar izan dutela eta epaiaren zain daudela. 


Egin klik hemen obren hasiera baliogabetzen duen epaia irakurtzeko.