Baztan berdinzaleago, zuzenago eta jasangarriagoa




Baztango Emazteki eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2022-2026) onartu berri du Baztango Udalak, aho batez, uztailaren 21ean burututako osoko bilkuran. Plana Udalaren dokumentu estrategikoa da emaztekien eta gizonen arteko egiazko Berdintasun eraginkorrerantz aitzinera egiteko.

2021eko udazkenean abiatu eta 2022an akitu zen Baztango I. Berdintasun Plana ebaluatzeko prozesua. Prozesu hartatik ateratako ondorioekin eta hainbat datu estatistikorekin Diagnostiko Txostena osatu zen, eta analisi horretatik ateratako informazioaz baliaturik sortu zen II. Plana. Hausnarketa eta kontraste prozesu hauek herriko mugimendu feministarekin, udal teknikariekin, emakume talde desberdinekin eta ordezkari politikoekin batera egin dira. Prozesu horietan Baztanek berdintasunaren arloan dituen erronkak identifikatu eta horiei erantzuna eman zaie.

Sei atal dauzka Planak: Sarrera; Nola egin da?; Marko arautzailea eta programatikoa; Printzipioak eta Bermeak; II. Planaren deskribapena; eta Kudeaketa sistema.

"Plan honen garapenean dokumentu arina, ulergarria eta errealista garatzen saiatu gara", aipatu dute Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzutik.

Lau lan-ardatzetan egituratuko da: Genero ikuspegia txertatzea Udalaren jardueran; Emaztekien kontrako indarkeria matxista; Ekonomia zaintzaren ikuspegitik; eta azkenik, Berdintasuna kontsolidatzeko rol eta estereotipoak aldatzea eta emaztekiak ahalduntzea.

2022 eta 2026 artean indarrean egonen den Plan honek 50 ekintza proposatzen ditu, erran bezala, 4 lan-ardatzetan banatuta, eta 15 helburu biltzen ditu. Ekintza bakoitzeko adierazita daude aurreikusitako egutegia eta plana gauzatzeaz arduratuko diren arloak, bai eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak ere.

Diagnostikoa eta Plana lantzeko prozesuan egindako lana eta jasotako ekarpenak eskertu nahi dituzte Baztango Udalak eta Berdintasun Zerbitzuak. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie eztabaida taldeetan, elkarrizketetan, etab. aritu diren elkarte eta herritarrei, baita, udaleko arduradun politikoei eta teknikariei ere. "Denon artean, Baztan berdinzaleago, zuzenago eta jasangarriago bat eraikiko dugu".

Planaren baitan, indarkeria matxistaren biktimak artatu eta indarkeria hauek desagerrarazteko lan egitea da Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren lan-ardatz nagusietako bat. Gauzak honela, Elizondon oinarrizko lehen prestakuntza bat antolatu da emakumeen kontrako indarkeria detektatzeko eta identifikatzeko gaitasunak hobetzeko.

Ikastaro honetan emakumeen eta haurren arretan inplikatutako hainbat eragilek hartuko dute parte. Ikastaroa urriaren 4an eta 6an emanen da, 9:30etik 14:30era, Arizkunenean. Baztango Udaleko eta Bortzirietako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako langileek, Osasunbideko hainbat langilek eta Bortzirietako eta Baztango Berdintasun Zerbitzuetako langileek jasoko dute prestakuntza hau.

Bukatzeko. II. Plana hemen irakurri edota deskargatu dezakezu: https://labur.eus/kt0pX