Krisitik ateratzeko aberastasunaren banaketa eta ekologismoa




Baztango Talde Ekosozialak antolaturik “Idorteen, suteen, alimaleko beroen garaian... ekologia gehiago” mintzaldia izan zen ortziralean, Elizondon. Iñaki Barcena EHUko irakasle katedraduna eta mugimendu ekologistako kideak oraingo egoera ulertzeko gakoak eman zituen, eguraldiarengatik Arizkuneneako sabaian egin zen solasaldian.

Barcenak, alde batetik, muturreko egoera eta aldaketa klimatikoak historian eman izan direla erran zuen, baina orain gertatzen ari dena gizakiengatik dela, antolamendu sozial jakin batengatik. Antolamendu horren oinarri kulturalak ez du onartzen gizakiak naturaren parte direla eta ekodependentzia dagoela. Halaber, ez du onartzen planeta mugatua dela eta balidabideak ere bai: erregai fosilak, mineralak... Horrela, mendebaldeko herrialdeetan prometeismoaren kulturan hazi gara, pentsaturik zernahi gainditu dezakeela gizakiak antolakuntza sozialarekin eta teknologiarekin, biologiatik bereizirik.

Horrela gauzak, ekologismoa mugimendu soziala zela erran zuen, gizakiaren eta naturaren arteko harremana orekatu nahi duena, prometeismoaren gainetik. Hala, une honetan zientzialarien eta ekologisten arteko aliantza baten hasmentan gaudela aipatu zuen, ziantzialarien azterketa sakona eta ekologisten kritika sistemikoa elkartzen dituena gertatzen ari dena azaltzeko.

Puntu horretarat ailegatuta krisi ekologikoaren larritasunaren eta herritarren pertzepzioaren artean dagoen arrailduraz ohartarazi zuen, eta ekologisten ardura dela ilusioa transmititzea gauza ttiki egingarriekin, kolapsoa noiz etorriko denaren inguruan koropilatu gabe, etsipenean.

Krisiaren azterketan sakonduz, aipatu zuen krisi guztiak aldaketarako aukera direla, eta krisia ere negoziorako erabiltzen dutela batzuk, Iberdrolaren irabaziak gogora ekarrita. Horrela, ikuspegi ekologistatik gizarteko asimetriak ikusarazi beharra aipatu zuen, denek ez dutela ardura bera krisi ekosozial honetan, ez sortzerakoan, ezta bideratzekoan ere. Eta guzti honetatik aprobetxatzen ari direnak seinatu behar direla. Halabere, aberastasuna banatu behar dela eta ekologismo gehiago; hau da aberastasuna planetaren mugen barnean sortzen ahal den hori bakarrik izanen dela.

Euskal Herrira etorrita gure energiaren %90 kanpotik heldu dela erran zuen, baita jatekoena ere. Eta nahi edo nahi ez guttiagotze aldira goazela eta hemendik hamar urtera Petronorrek ez duela zentzurik izanen. Hortaz, garai horretarako antolatzea funtsezkoa da, duin bizitzeko. Eta horretarako galderak dira: nola antolatu gure sistema energetikoa? Zer da egiazki beharrezkoa? Nola aurrezten ahal da?

Betiere, mintzaldiko sar hitza Gorka Laurganak egin zuen, Baztango Talde Ekosozialeko kideak. Aipatu zuen ekologismoak egindako aurrikuspen guztiak zoritxarrez betetzen ari direla eta, oraingo egoera, joan den mendeko 30. jamarraldiarekin konparatu zuen, krisi sakonean, gizartea tenkatu eta polarizatzen dela ohartaraziz. Baldintza horietan aberastasunaren banaketa eta ekologia aldarrikatu zituen, mugatua den planetan honetan.

Gauzak honela, heldu den asteburuan (irailaren 30etik urriaren 2ra) Portugaleten eginen diren Ekotopaketen berri eman zuen. Topaketek, alde batetik, krisi ekosozilaren kezka erdigugunera ekarri nahi dute eta, bertze aldetik, Euskal ekologismoari buruzko gogoeta egin, tresna berria behar ote den galderari erantzunez. Horiek horrela, Ekotopaketetarat joateko gonbidapena egin zuen.

Arranbelak, Ekotopaketa horien emaitza zein den azalduz, gai honen jarraipena eginen du.