`(Ia) Amaieran´: sakabanaketaren bukaeraren atarian



'(Ia) Amaiera’, presoen sakabanaketa politikari buruzko ikus-entzunezko erreportajea kalerartu du NAIZek. Euskal presoen urruntzeak oraindik jarraitzen badu ere, azken urteetan egoera asko hobetu da eta sakabanaketaren eta urruntze politikaren amaieraren atarian egon gaitezkeela erran daiteke. Politika anker honek eragindakoa eta gaur egungo egoera zein den azaltzen du ikus-entzunezkoak.

Lau herritarrek parte hartzen dute ikus-entzunezko honetan: Pakito Lujanbiok ia 30 urte egin zituen kartzelan; Amaiur Iragik 19 urte ditu eta aita kartzelan zuen jaio zenean; Ibon Garatek anaia galdu zuen, bisita baten bueltan hil baitzen; eta Inaxio Oiarzabal Sareko kidea da. 

Kontuan hartu behar dugu, bestalde, Sarek mobilizazio eguna antolatu duela urriaren 8rako, larunbat honetarako, Donostian. Izan Bidea dinamikaren 3.127.326 kilometro egiteko erronkari bukaera emango diote Gipuzkoako hiriburuan. Goizeko 11.00etan azken kilometroa egingo dute Bulebarrean eta 12.00etan manifestazioa izango da.

Jaialdia izango da arratsaldean, 15.30etik aurrera Illunben. Besteak beste, Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Sua, Andoni Oilokiegi, Trikidantz eta Ttek elektrotxaranga arituko dira.

Gai honek Arranbelarentzat duen garrantziari jarraikiz, ikus-entzunezkoa  ikusteko gonbidapena egin nahi dizuegu esteka honetan sakatuz: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20221005/ia-amaiera-presoen-sakabanaketa-politikari-buruzko-ikus-entzunezko-erreportajea. Bukatzeko deia luzatu nahi dizuegu bidenabar, urriaren 8an Sarek antolatutako mobilizazio egunera hurbiltzeko.