Baztango EHBilduk antolaturik Nicolas Blain Laguntza Exerat elkarteko lehendakariorde ohia eta HBaiko koordinatzailea, adinekoen zaintzaz etxe-inguruan mintzatu zen atzo Elizondoko Arizkunenean.
Nafarroako Gobernuak orain gutti 65 urtetik goitiko jendeei inkesta egin die zahartzaroaz eta %85ak erantzun du laguntza behar izatekotan etxean hartu nahiko zuela.
Nahikeria hori orokorra dela iduri du eta Hazparneko eskualdean 46 urte dira Laguntza Etxerat elkartearen bidez zerbitzu andana eskaintzen dutela adinekoak etxeetan zaindu ahal izateko.
Blainek aipatu zuen denetariko zerbitzuak ematen dizkiela elkarteak erabiltzaileei: ohatzetik jaikitzen, janzten, bainura joaten eta dutxatzen laguntzen du, otorduak prestatzen, etxeak garbitzen, etxeko mantenimendua eta brikolajea egiten...; modu berean, etxetik kanpora ere laguntzen du: medikura, ospitalera, merkatura, ileapaindegira, lagun baten etxera eramanez... Ospitaleko egonaldiak e.a.
Horretarako eta bertze zerbitzu sozial batzuk emateko 120 langile ditu eta 2,5 milioi euro inguruko aitzinkontua. Erabiltzaileen ordainketekin finantzatzen da eta herriko etxeek eta Pirinio Atlantikoak ematen duten diru laguntzekin.
Erabiltzaileek ordainketak egiteko laguntzak izaten dituzte, horretarako, administrazio eskumendunak pertsonaren ebaluazioa egiten du, Laguntza Etxerat zerbitzua emateaz arduratzen da.